Mendira igotzeak ahalegina eskatzen du beti, baina hamaika ordain gozo ematen du trukean: bidea, lagun artea eta, gehienetan, esker oneko gailurra. Askotan ikuspegiak izaten dira tontorrak gorde duen saria, baina batzuetan sorgindutako parajeak aurkituko ditugu. Esate baterako, ur ilunetako lakuak haitz harroen artean barreiaturik, zipriztinak balira bezala, inguruan, zelatari, izei bakanak dituztela.
Horietakoak anitz daude Kataluniako Pirinioetan. Goi mendi eremu batzuetan harrigarria da aintzira kopurua. Sua Edizioak argitaletxeak ‘Las mejores ascensiones a los lagos más bellos del Pirineo Oriental’ kaleratu berri du. Yvette Delgado Pererak idatzi du. Hogeita bat ibilbide marraztu ditu goi mendietako 70 laku sorgindu mirestera joateko.
Aukera polita da Katalunia bisitatzeko eta bertako mendi lakurik ederrenak bertatik bertara ikusteko. Horietako batzuek andanaka hartzen dituzte bisitariak, hain dira ezagunak. Beste batzuk, ostera, bakartiak dira, baina lehenengoak bezain liluragarriak.