“Rutas circulares fáciles”, mendian gozatzeko plan bikainak

Euskal Herria Liburuak bildumako “Rutas circulares fáciles” liburuak harrera beroa jaso du mendizale eta, oro har, irakurleen aldetik. Arrazoia begi bistakoa da: 38 plan bikain eskaintzen ditu mendian ibilbide eta igoera ederrak egiteko. Egileak, Txusma Perez Azaceta mendizale adituak alegia, natur eremu eta gailur zerrenda erakargarrian barrena eramango gaitu, gure herriaz gehiago jakiteko eta are gehiago gozatzeko.

Esaten dugunaren erakusgarri, beheko estekan ibilbide bi utzi dizkizuegu, Gipuzkoan bat, Nafarroan bestea, zoragarriak biak. Egin klik eta ondo ibili!

Dastatu Gipuzkoako herri xarmagarrien lilura

Maiatzean argitaratu zenetik, “Pueblos de Gipuzkoa con encanto” liburuak lau haizetara zabaldu du Gipuzkoako herrien xarma. Kostaldekoak nahiz mendialdekoak, bakartiak zein jendetsuak, denak ederrak eta erakargarriak. Joana Garciak eta Txemi de los Doloresek ondu dute liburu honetako 30 herrien kronika eta haien inguruetan egiteko ibilbideak. Testu eta argazki zoragarriek bertatik bertara ikusteko grina piztuko digute. Esaten dugunaren erakusgarri, lerroon azpian Amezketa uzten dizuegu, baita liburuko aurkibidea eta beste pasarte pare bat ere, herri xarmagarrien liluraz goza dezagun. Ondo ibili!

“Parque natural de Aizkorri-Aratz”, natura-eremu paregaberako gidaliburua

Euskal Herria bildumako liburu berriak, “Parque natural de Aizkorri-Aratz” izenekoak alegia, 20.000 hektarea zabal den eremu paregabean murgildu nahi gaitu. Izan ere, Aizkorri-Aratzeko parke naturala sei mendilerroz eta zazpi paisaia ederrez osatuta dago: Aketegi eta Andartoren gisako tontor lerdenen itzalpean Urbia edo Degurixa bezalako larre karstikoak babesten dira; Altzaniako mendietan pagadi amaigabeak zabaltzen dira, hegoaldeko isurialdean Lezekoa bezalako arroilak ageri diren bitartean. Gaztelu bihurtutako gailurrak ere ez dira falta, Marutegi edo Atxorrotx kasu, eta lurpeko unibertsoak Arrikrutz gisako harribitxi joriak erakutsi dizkigu. Ezin ahaztu, gainera, badela Aitzulo, Arantzazu edo San Adrian bezalako leku sorgindurik ere.

Jon Iraola mendizaleak Aizkorri-Aratzeko parke naturalean barrena egiteko 30 ibilbide bildu ditu liburu honetan. Hara eta hona ibiliko gara, gailurren bila, oihan zabaletan zehar eta erreka jauzkarien albotik, beti leku ederren bila. Alegia, natura-eremu paregabea bertatik bertara ezagutuko dugu.