“Rutas a foces, gargantas y desfiladeros”, gure lurraren erraietarako bidaia

EH_rutasafoces

Horma tenteak, ur-turrustak eta oihan ederrak tartekatzen dira “Rutas a foces, gargantas y desfiladeros” liburuko orrialdeetan barrena. Euskal Herria bildumako ale berriak Mar Ramírezen testuak eta Juan Carlos Muñozen argazkiak dakartza, begietarako opari eta haitzarte sorta hau bisitatzeko tentabide.

Orotara, 30 dira liburuan bildutako arroilak. Horietako batzuk oso ezagunak dira natura maite dutenen artea, hala nola Arbaiun, Irunberri, Atxarte, Okina edo Delika. Beste batzuen sona ere handia, baina bisita gutxiago hartzen dituzte urrunago gelditzen direlako hirigune nagusietatik (Kakueta, Holtzarte, Sobron…). Eta anitz dira gehienontzat ezezagunak izan arren, bertatik bertara ikustea merezi dutenak: Istora, Arbe, Ehujarre, Diablozulo, Peñalba…

EH29_desfiladeros-3

Turtziozetik Santa Grazira, Burgitik Valderejora, liburu honek Euskal Herriko haitzarterik onenak ezagutzeko ibilbideak proposatzen ditu. Oihanez estalitako arroilak, Izki edo Iratiko Berrendipea kasu; haitz gandor harroak (Zologorri), urez lepo betetako trokak (Artazulo)…

Juan Carlos Muñoz argazkilari sarituaren irudiekin gozatuko da irakurlea, orriz orri. Paisaiekin batera, zokondo horietako fauna eta landaredia agertuko zaizkio. Horien guztien gaineko informazioa dakartzate Mar Ramírezen testuek, ahaztu barik inguru paregabeok sortu dituen geologia eta, jakina, gomendatutako ibilbidearen deskribapena. Mapa eta jakingarri sorta banaz hornituta ageri da txango bakoitza.

 EH29_desfiladeros-4

‘Excursiones a nacederos’, gure ibaiak sortzen diren lekuen bila

azaltxikiNACEDEROS

Euskal Herria Liburuak bildumako liburu berriaren azala.

Urriko lehenengo hamabostaldian hartuko dute etxean harpidedunek Euskal Herria Liburuak bildumako bosgarren titulua: ‘Excursiones a nacederos’. Bertan gure geografiako ibai nagusien sorlekuetara joateko behar adina informazio eta jakingarri aurkituko ditu irakurleak. Denetara, 50 txango, zein baino zein kitzikagarriagoa, urrutiko mendi edo basoetan ezkutatzen diren ur-begi ederren bila.

Hala testu interesgarriak nola argazki zoragarriak Santi Yanizi zor zaizkio, alegia, Euskal Herriko aditurik handienetako bati. Txango bakoitzarekin batera, deskribapen zehatza, argazki ederrak eta ibilbidea islatzen duen mapa paratu ditu.

Liburuan barrena murgildu ahala Bizkaiko Golkora presaka isurtzen diren erreken ibilera jauzkariek tentatuko gaituzte, baina baita Mediterraneo aldera makurtzen diren ibaien jokaera lasaia, meandroz meandro luzatzeko jaio izan balira bezala. Batzuek zein besteek leku ahaztezinetara eramango gaituzte, hala nola, Vernako haitzuloa eta Kakueta zein Ehujarreko harroiletara (Zuberoa), Errobi eta Biduze ibaien sorburuetara (Nafarroa Beherea), Eskatxabeltza erreka isurtzen den kobazulora (Galdames, Bizkaia), Deba, Urola eta Oria ibaietako ur-begietara (Gipuzkoa) Purón errekaren iturburu eta idoietara (Araba) eta Mediterraneoraino iristen diren ibai nagusien hasierako urrats apaletara, hala Zadorra edo Baias (Araba) nola Ega, Arga, Irati edo Ezka (Nafarroa).

Nacederos_pag-3txikiArabako Purón ibaiaren ur-begiari eskainitako atalaren hasiera.