Ibaietako sorburuak, aurkitu zure gustukoa

Nacederos28-29Liburuko 28 eta 29 orrialdeak. Nerbioiko ur-jauzirako ibilbidearen zati bat dakarte.

Aste gutxi batzuk dira Euskal Herria Liburuak bildumako bosgarren zenbakia, Santiago Yanizen ‘Excursiones a nacederos’ alegia, kalean dagoela eta harrera ikusgarria jaso du. Hein handi batean, txango eta proposamenen garapenaren kalitateari zor zaio, baita testu kitzikagarriei, mapa zehatzei eta, jakina, argazki dotoreei. Naturarekin solasean jarri gaitu eta horrela gozatu ederra hartuko dugu, lekuan lekuko txangoak eginda nahiz etxeko epelean irakurrita.

Beste arrazoietako bat proposamen aukeraketa zaindua izan daiteke. Izan ere, Euskal Herri osoko ibaietako sorburuetarako txangoak dakartza, hala leku ikusgarri eta ezagunak, Nerbioiko ur-begia eta Delikako ur-jauzia kasu, nola urrutiko oihan eta mendi malkarren artean galdutako zoko-moko ospelak. Eta hoiri lur azpiko altxor sinesgaitzak erantsi behar zaizkio, Zuberoako Vernako ur-jauzia berbarako. Testu honen azpian liburuko txango guztien zerrenda erantsi dugu.

‘Excursiones a nacederos’ liburuak, Euskal Herria Liburuak bildumako gehienek bezalaxe, gozatu bikoitza eskaintzen digu. Batetik, liburuaren irakurketa bera. Orrialdez orrialde liluraturik sentituko gara. Bestetik, gomendatzen dizkigun txangoen artean gure gustukoa hartu eta bertara joatean goiz-pasa ederra egingo dugu. Santiago Yanizek liburu hau bere blogean aurkeztu duenean ederto aipatu du: emaitza ikusgarria izanik  ere, are gozagarriagoa da egindako bidea.

Nacederos_aurkibidea

‘Excursiones a nacederos’, gure ibaiak sortzen diren lekuen bila

azaltxikiNACEDEROS

Euskal Herria Liburuak bildumako liburu berriaren azala.

Urriko lehenengo hamabostaldian hartuko dute etxean harpidedunek Euskal Herria Liburuak bildumako bosgarren titulua: ‘Excursiones a nacederos’. Bertan gure geografiako ibai nagusien sorlekuetara joateko behar adina informazio eta jakingarri aurkituko ditu irakurleak. Denetara, 50 txango, zein baino zein kitzikagarriagoa, urrutiko mendi edo basoetan ezkutatzen diren ur-begi ederren bila.

Hala testu interesgarriak nola argazki zoragarriak Santi Yanizi zor zaizkio, alegia, Euskal Herriko aditurik handienetako bati. Txango bakoitzarekin batera, deskribapen zehatza, argazki ederrak eta ibilbidea islatzen duen mapa paratu ditu.

Liburuan barrena murgildu ahala Bizkaiko Golkora presaka isurtzen diren erreken ibilera jauzkariek tentatuko gaituzte, baina baita Mediterraneo aldera makurtzen diren ibaien jokaera lasaia, meandroz meandro luzatzeko jaio izan balira bezala. Batzuek zein besteek leku ahaztezinetara eramango gaituzte, hala nola, Vernako haitzuloa eta Kakueta zein Ehujarreko harroiletara (Zuberoa), Errobi eta Biduze ibaien sorburuetara (Nafarroa Beherea), Eskatxabeltza erreka isurtzen den kobazulora (Galdames, Bizkaia), Deba, Urola eta Oria ibaietako ur-begietara (Gipuzkoa) Purón errekaren iturburu eta idoietara (Araba) eta Mediterraneoraino iristen diren ibai nagusien hasierako urrats apaletara, hala Zadorra edo Baias (Araba) nola Ega, Arga, Irati edo Ezka (Nafarroa).

Nacederos_pag-3txikiArabako Purón ibaiaren ur-begiari eskainitako atalaren hasiera.