Harrera bikaina jaso du “53 rutas por senderos PR de Bizkaia” liburuak

PRs_756x756

Ricardo Hernaniren “53 rutas por senderos PR de Bizkaia” liburua ekainean argitaratu zenetik Elkar liburu-dendetako salduenen zerrendan dago, ez-fikzioa gaztelaniaz atalean. Bizkaiko PR (ibilbide laburrak) ibilbide homologatu guztiak batzen dituen gidaliburu honek harrera ezinhobea hartu du hala xedazaleen eta opor zein asteburuetarako natura-planak nahi dituztenen artean, nola hedabide eta adituen artean.

Liburuak Bizkaiko 53 PR ibilbideak deskribatzen ditu, mapaz, jakingarriz eta argazkiz egoki horniturik. Mendiak, basoak, kostaldeko talaiak, ur-jauziak, errekak, zubiak, baserriak eta errotak dira egun erdiko edo egun osoko txango eta igoera hauetako paisaiaren osagaiak. Lerroon azpian, ibilbide guztien zerrenda eta Bizkaiko mapan dagokien lekua. Ondo ibili!

PRs BIZKAIAmapa

 

“Guía de flores”, Euskal Herriko loreen mundurako atea

portada1,2 (corregido).indd

Loreak gure bizitzaren funtsezko partea dira. Ederrak, bitxiak, harrigarriak izaten dira berez. Paisaia zoragarrietako osagai garrantzitsua ere badira, edo haien lekuko mutuak, edo agian kolore eta alaitasun zipriztinak eransten dituen pintzelkada bizia. Gainera, sinbolismoz jantzi ditugu. Eta, zer esanik ez, naturak eta bizitzak aurrera egiteko ezinbesteko gakoak dira.

Euskal Herriko ehun lore espezie dakartza “Guía de flores de Euskal Herria” gidaliburuak (Sua Edizioak, 2016). Joana Garcíak egin zuen denak biltzeko eta gure esku lagatzeko lana, identifikazioa errazteko eta ondo ezagutzeko jakingarri guztiekin. Beheko estekan gidako aurkibide osoa eta bertako ale batzuekin egindako lore sorta txikia utzi dizuegu, opari.

FLORESpags

FLORES_indice

“Una semana en Otsagabia Irati”, udarako plan bikaina

PORTADA.indd

Ondoren esango dugunak uda guztietarako balio du, baina aurton inoiz baino egiagoa da. Iratiko oihana, Otsagabia eta Zaraitzu ibarra opor zoragarrien bermea dira. “Una semana en Otsagabia Irati” liburuak (Sua Edizioak, 2011) inguru hartan egiteko moduko plan eta informazio piloa eskaintzen du, argazkiz eta mapaz ongi hornituta. Irati, Otsagabia eta Zaraitzu banaka eta xehe-xehe deskribatzeaz gain, autoz egiteko hiru bide eta oinez egiteko hamar txango proposatzen ditu. Horrela, ibilbide erraz eta atseginak (Itsuosin ur-jauzia edo Iratisorokoa, adibidez), txango handiagoekin tartekaturik agertzen dira (Orhirako igoera, kasu). Pago eta izeien itzalpean ibiliko gara, edo Abodiko mendi bizkar belartsuaren gainean, edo harrizko herri zoragarrietan barrena tipi-tapa.

Lerroon azpiko estekan, erakusgarri txiki bat utzi dugu, tentazio moduan. Eta Zaraitzu aldera hurbiltzen denak, Irati aldeko natura joriaz gozatzeaz gain, erantzun dezala galdera honi: Otsagabia ote da Euskal Herriko herririk ederrena?

OTSAGA-IRATI_sareak