Donostiaren xarma, denon esku

 

Itsasoaren eta lehorraren arteko besarkadak emaitza ikusgarria eragin zuen Donostian. Jendartearen jardunak, zorionez, hondatu beharrean, hobetu ere egin du, arlo batzuetan behinik behin. Horren ondorioz, Donostiaren xarmak sorginduta uzten ditu bisitariak. “Donostia / San Sebastián” gidaliburuak informaziorik osatuena eskaintzen dio hirira datorrenari. Baina, batez ere, Gipuzkoako hiriburua oinez ezagutzeko hamar ibilbide zoragarri proposatzen ditu. Donostiaz gozatzeko lanabes eragingarriena da. Hiru hizkuntzetan agertu da: gaztelaniaz (2013), frantsesez eta ingelesez (2016).

Ander Izagirreren testuak eta Alberto Muroren argazkiek eskutik eramango gaituzte hara eta hona, Donostian barrena. Esaten dugunaren erakusgarri, lerroon azpiko estekan aukeraketa txiki bat utzi dugu, Donostiaz gehiago jakin nahi dutenentzat. Ondo ibili!

ikusmiraDONOSTIA_sareak

 

“Cumbres anejas”, auzoko gailur eder horiek

“Cumbres anejas” liburua heldu berri da. Eta bazegoen premia, Euskal Herriaren ondoko eskualdeetako tontor eder eta nagusien berri ematen duelako. Auzoko lagunak dira, beraz, etxe ondoko gailur kitzikagarriak. Paisaiak ez daki muga administratiboa zer den eta horrela ikusi dute mendi taldeek, inguruko herrialdeetako gailur horietara, federazioaren katalogoan aldameneko eskualdeetan sailkatuta ageri diren tontorretara alegia, sarritan joan izan dira eta.

Orotara, liburuak 57 mendi dakartza, Burgos, Errioxa, Kantabria, Soria, Bearno eta Huescakoak. Egileak mendikat webgune ezaguneko Javi Urrutia eta Rafa Bartolomé dira, biak ala biak eskarmentu handiko mendizaleak. Beheko estekan liburuko aurkibidea eta mendi horietako biren igoerak jarri ditugu, liburua dastatzen hasi nahi duenaren esku. Ondo ibili!

Gipuzkoako mendien gida zaharberrituta dator

GM_GIPUZKOA_SUA

Liburu-dendetara iritsi da “Guía de montes de Gipuzkoa” liburuaren seigarren edizioa. Azken hogei urteotan Gipuzkoako mendizaleen artean itzal handia lortu duen klasiko bihurtu da. Iñaki Alcalde Olivaresek eta Txusma Perez Azacetak idatzita, 2000. urtean agertu zen lehenengoz. Oraingoan, Txusma Perez Azacetak igoera guztiak berriro egin ditu, ibilbideak ikuskatzeko eta eguneratzeko. Edizio berriak 95 igoera eta 155 gailur bildu ditu. Tartean dira Euskal Herriko Mendi Katalogoko Gipuzkoako tontor guztiak.

Mendiak bailaraka sailkatuta dakartza liburuak, planak uztartu nahi izanez gero errazago izan dadin. Gainera, mendi bakoitza bere ibilbidearen mapaz eta argazki batez hornituta ageri da.

Lerron azpian dagoen estekan, igoera horietako gutxi batzuk eta liburuaren aurkibide osoa (igoera guztien zerrenda) utzi dugu. Liburu ezinbestekoa da, dudarik gabe, Gipuzkoako mendiak ezagutu nahi dituenarentzat.

GM_GIPUZKOA_sareak