Euskal Herriko perretxikoen gida

2025eko udazken lehor honek ez dio poz askorik ekarri perretxikozaleari, baina hori amaitu da. Ez, ez gatoz datozen asteetako eguraldia iragartzera, albiste eder baten berri ematera baizik: liburu-dendetan da Euskal Herriko perretxikoen gida. Cristóbal Burgos adituak aukeratu ditu espezieak eta prestatu ditu dagozkien deskribapenak eta argazkiak.

Euskal Herriko perretxikoen gida berri honek hirurehunen bat espezieren berri ematen du. Ohikoenak eta zaletuek gehien ezagutzen dituztenak dira. Beraz, tresna eragingarria jarri nahi du zaletu guztion esku, perretxikotan mendira goazenean zertan gabiltzan jakin dezagun. Hain zuzen, informazio zehatza erantsi dio egileak zer espezie den aise jakiteko, ezaugarriak jaso, antzekotasunak eta desberdintasunak zehaztu eta jangarriak diren ala ez ebatzi ahal izateko.

Gida berri honetan kuku bat egin nahi baduzue, beheko estekan lagin txiki bat utzi dugu. Ondo ibili perretxikotan!

Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel, guztion eskura

Zer esana ematen ari da Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel liburu berriak. Batetik, lehenengoz Euskal Herria bilduman euskaraz ere kaleratu delako. Are gehiago, jatorrizkoa euskarazko bertsioa da. Bestetik, gidaliburu bikain eta erakargarria delako, ezinbesteko laguna parke naturaleko eta Jaizkibelgo zokondorik ederrenak bertatik bertara ikusteko.

Orotara, Mikel Arrizabalagak ondu duen liburuan 26 ibilbide aurkituko ditugu, 15 Aiako Harria parke naturalaren baitan edo inguruetan, eta gainerakoak Jaizkibel aldekoak. Gutxi batzuk zeharkaldiak edo igoera maldatsuak dira. Gehienak, berriz, goizpasa polita egiteko moduko plan ederrak. Denak, seguru, asebeteko gaituzten mendi-irteera zoragarriak.

Tontorrak, oihanak, ur-jauziak, ibar esekiak, labarrak, zelaiak, errekak, urtegiak, isilpeko bidezidorrak, meatzeak eta milaka kontu zahar eta berria izango ditugu bidaide. Nahi baduzu gehiago jakin, sakatu lerro hauen azpiko lotura. Bertan daude liburuko lehenengo orrialdeak, aurkibidea barne. Ondo ibili!

“Aiako Harria eta Jaizkibel”, Euskal Herria bildumako ale berri ikusgarria… eta euskaraz

Euskal Herria Liburuak bildumako 2023ko lehenengo liburuak zer esana emango du. Batetik, edukia oso erakargarria delako, Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel baitira protagonista, Gipuzkoako ipar-ekialdeko harribitxiak alegia. Bestetik, lehenengoz, bildumako liburu bat euskaraz agertu da. Mikel Arrizabalagaren jatorrizko testuak Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel liburua osatu du. Gaztelaniara itzulita, erdaraz ere argitaratu da: Parque natural de Aiako Harria y Jaizkibel.

Liburu honek Mapas Pirenaicos sortako Aiako Harria y Jaizkibel (2018) liburukiko edukiak gaurkotu eta osatu ditu. Orotara, hogeita sei ibilbide proposatzen ditu baso, gailur, sakan eta itsaso gainean eskegitako haranetan barrena. Aiako Harria parke naturaleko atalean mendi igoerak eta zeharkaldiak bildu ditu, baita goiz-pasa egiteko moduko mendi-irteerak ere. Tipi tapa goazela, ur-jauzi ikusgarriak, pagadi paregabeak, mairu-baratzeak, meatze zaharrak eta natura paisaia bikainak aurkituko ditugu. Jaizkibelen, berriz, itsaslabar bakartietako altxorrak dira nagusi: malkarrak itsasora amiltzen, haran eskegiak, higadurak zizelkatutako artelanak, urruneko kalak…

Bestetik, esan legez, hau da Euskal Herria Liburuak bildumak euskaraz plazaratu duen lehenengo alea. Alde horretatik, mugarri txiki bat ere bada, etorkizunari begira urratu nahi dugun bidean aurrerapausoa. Datozen urteotan bildumako ale gehiago euskaraz argitaratuko dira.

Egilea Mikel Arrizabalaga Aizpurua da. Mendizale aditua, hamaika argitalpen sinatu ditu azken hamarkadetan, hala liburu moduan nola aldizkarietan (Pyrenaica, Nora…) eta egunkarietan (Berria).