Gainbegiratua “Parque natural de Urkiola” liburu ederrari

Azal eder horren atzean liburu mamitsu eta liluragarria dago. Horixe baita Parque natural de Urkiola, gure interesa piztu eta natura-eremu zoragarri horretara eramango gaituen gida bikaina. Zalantzarik gabe, Alberto Murok liburu itzela osatu du. Zazpi proposamen bildu ditu: Anbotorako igoerak, zeharkaldiak, umeekin egiteko moduko planak, Mugarra, Saibi, Oriol, Tellamendi, Alluitz edo Untzillatx mendiak, pagadiak, artzain-sarobeak, haitzuloak eta ibaiak… Dena idatziz ederto deskribatuta eta argazkietan zoragarri jasota. Horrela datorkigu Urkiolako parke naturala. Hemen, lerro honen azpiko estekan, aukeraketa txiki bat laga dugu, erakusgarri: aurkibidea, sarrera eta pasarte pare bat. Ondo ibili!

“Parque natural de Urkiola”, eremu natural ederrerako gida bikaina

Euskal Herria Liburuak bildumako ale berria, Alberto Muroren Parque natural de Urkiola alegia, natura-eremu jori hori ezagutzeko, gozatzeko eta zaintzen laguntzeko gida bikaina da. Paisaia basati horretan haitzak, zelaiak, basoak eta baserriak anabasa ederrean ageri dira. Liburu honek babestutako eremu guztia aurkezten digu, bere balio nagusiak zerrendatzen ditu eta, gainera, parke naturaletik eta inguruetatik hogeita zortzi ibilbide proposatzen ditu.

Ezin bestela izan, gidaliburu mendizalea da hau, oso. Hasteko eta bat, Anbotora igotzeko bide sorta polita eskaintzen du. Anbotoko itzala luzea da Euskal Herriko bailara askotan, mendi ezaugarri eta ikusgarria. Beste txango batzuk Aramotz mendilerro bakartian murgildu dira, edo galtzada zaharretatik abiatu dira, pagadi sarrietan barneratzen dira -Oleta aldean, adibidez-, Baltzola bezalako leku sorginduetara iritsi dira eta, jakina, ikuspegi zabalak eskaintzen dituzten mendi tontorretaraino igo dira, Oriol, Untzillatx, Mugarra edo Saibi kasu.

Alberto Muroren liburuetan gertatu ohi den bezala, bolumen honetako orrialdeak pasatu ahala plazer handia hartuko dugu argazki ederrei esker. Izan ere, kazetari trebea ez ezik, argazkilari aditua da Muro eta bere lan guztietan argi erakusten du. Honetan ere bai. Labur esanda, natura-eremu paregabean ibiltzeko gida bikaina.

“Euskal Herriko bira”, bederatzi etapetako itzuli zoragarria autoz

Itzuli liluragarri baten proposamenarekin dator oraingoan Sua Edizioak: Euskal Herriko Bira. Autoz egiteko ibilbide handia. Gure herria ipar-hego eta ezker-eskuin ibiltzeko gonbitea da. Bederatzi etapatan 1.130 kilometro egin eta itsasoa, goi mendiak, basamortua, labore-sailak, Erdi Aroko herriak, oihan sarriak, baserri bakartiak eta hiri modernoak bertatik bertara ikusi. Esperientzia kitzikagarria, Euskal Herria ezagutuz gozatzeko.

Etapa bakoitza, batez beste, 120 kilometro luze da. Norberak nahi duen lekuan has dezake, jakina, baina liburuak Bilbo hartu du abiapuntu. Bertatik Baionaraino helduko gara itsasertzari estu-estu atxikita, Donostia, Biarritz eta beste leku zoragarri askotan gelditu ondoren. Jarraian, Pirinioetako isurialde biak ibiliko ditugu, ipar aldekoa lehenengo eta hego aldekoa gero, Iruñera iritsi aurretik. Nafarroako erdialdetik Zangoza, Erriberri, Gares edo Lizarra bezalako mugarriak bisitatuko ditugu, Arabako Errioxan sartu orduko. Mendialdea, Lautada, Gasteiz, Aiaraldea eta Enkarterri zeharkatu eta Ezkerraldetik itzulia osatuko dugu. Euskal Herriaren zazpi aurpegi ikusiko ditugu.

Liburuak jakingarri guztiak ematen dizkigu: zer ikusi edo zer egin leku bakoitzean, nondik jo, baita bidean agertuko zaizkigun beste tentazio batzuen berri ere. Beraz, guk erabakiko dugu autoa non eta noiz gelditu, zerekin gozatu, zenbat denbora eman…

Liburua Jordi Bastart kazetari adituak idatzi du. Bidaia-liburu andana idatzita dago (tartean Sua Edizioaken En Ruta bildumako Grand Tour de Catalunya) eta ondo baino hobeto ezagutzen du Euskal Herria. Gainera, Sua Edizioak-ek ere bere ekarpena egin du Euskal Herriko Bira. Autoz egiteko ibilbide handiak euskal kulturaren ikuspegia ere jaso dezan. Elkarlan horretatik jaio da ibilbide liluragarri hau. Ondo ibili!