“Montes de Araba”, 320 mendi igoera bikain

“Guía de montes de Araba” liburu klasikoaren bosgarren edizioa goitik behera zaharberrituta dator. Josean Gil-Garcia mendizale adituak banan-bana ikuskatu ditu ibilbide guztiak, gaur egun zertan diren ikusi du, egoera txarrean daudenak edo interesa galdu dutenak baztertu eta bide berriak aurkitu ditu. Emaitza bikaina da. Arabako 126 mendira heltzeko 320 igoera dakartza, ohi bezala ederki deskribatuta, jakingarri guztiekin, mapa eta argazki banarekin.

Liburu mardula da “Guía de montes de Araba”. Bertan daude federazioaren Euskal Herriko mendien katalogoko Arabako tontor guzti-guztiak. Eta bat gehiago, Arrayuelas ere tartean dago eta. Horien bidez Arabako paisaien aniztasuna eta joritasuna ezagutzeko parada izango dugu, hasi ibar atlantikoetako mendietan eta amaitu Toloñon eta Valderejon, tartean daudela Aratz edo Gorbeia bezalako handiak, Entzia aldeko goi-lautadako gailurrak edo Badaiako tontor bakartiak.

Josean Gil-Garcia mendizale aditua da eta urte asko dira dibulgazio lanetan hasi zenetik. Sua Edizioak-ekin liburu asko plazaratu ditu eta, horrez gain, Berria egunkarian ere mendi ibilbideak argitaratzen ditu. Beheko bideoan, liburua aurkeztuko digu.

Atzera dago salgai “40 rutas senderistas por las Merindades de Burgos” liburua

Egunotan itzuli da liburu-dendetara “40 rutas senderistas por las Merindades”, Burgosko iparraldeko eskualde zoragarri horretako ibilbide balizatuak biltzen dituen gida. Pablo Moralesen testu eta argazkiez osatuta, 2017an argitaratu zen eta azken hilabeteotan agortuta zegoen. Orain bigarren edizioa kaleratu da.

Burgosko Merindades bailara historikoa Bizkaia bezain handia da hedaduraz baina oso populazio txikia dauka. Mendebaldean, Kantabriako mugan, Alfoz de Santa Gadea dago eta bertatik Bizkaia eta Arabaraino dator, Mena, Losa eta Tobalina ibarrak Gaubea, Aiara eta Enkarterrien auzoak dira eta. Ebro ibaiak erditik ebakitzen du eta eskualdean zazpi eremu natural eder eta eskutada bat monumentu-multzo ikusgarri gorde ditu. Ojo Guareñan hasi eta Puentedey ederreraino, Ebroko haitzartea, Erdi Arotik atera berria dirudien Frías harrigarria, Montes Obarenes-San Zadornil parke naturala, ur-jauzi liluragarriak eta pagadi amaigabeak kateatzen dira 40 ibilbide aukeratu hauetan.

Lekuon ederra izan da liburuaren arrakastaren gakoetako bat. Bestea, ibilbideon ezaugarriak, xendazaletasunaren atalean sartzen baitira txango hauek. Alegia, aldatsak ez dira handiak eta ibilbideak ez dira inoiz lau ordutik gorago joaten. Gainera, beti ibiliko gara bide seinaleztatuetan barrena, gehien-gehienetan Ibilbide Laburretan (PR) eta gainerakoetan Ibilbide Luzeetako (GR) zati batzuetan.

“Montes de Gipuzkoa”, mendizaleen ezinbesteko bidelaguna

Oso harrera beroa eman diote mendizaleek “Guía de montes de Gipuzkoa” liburuaren seigarren edizioari (Sua Edizioak, 2020ko maiatza). Arrakastaren gakoa, duda barik, egileek egindako lanean dago. Txusma Perez Azacetak eta Iñaki Alcaldek Gipuzkoako 155 menditara igotzen diren 95 ibilbide bildu dituzte.

Gauza jakina da gida honek Euskal Herriko mendi katalogoko tontor guztiak jaso dituela. Ibilbide bakoitzak mendibidearen nondik norako guztiak eskaintzen ditu, argazki, mapa eta jakingarriekin lagunduta.

Lerroon azpiko estekan pdfa utzi dugu. Bertan aurkituko dituzue liburuko aurkibidea, non igoera guztiak banan-bana ageri diren, eta, opari, Aralar aldeko hiru igoera. Ondo ibili!