Bilbo aldeko zubiak, eder eta harrigarri

puentes-de-bilbaotxiki

Suak “Los puentes de la Ría de Bilbao” liburua argitaratu du, Ibaizabaleko azken 15 kilometroetan ibaia zeharkatzen duten zubiei begirada harrigarri eta kitzikagarria. Pedro Zarrabeitiaren argazki paregabeak eta Argiñe Areitioren testu zainduek Bilboko itsasadarreko hamazazpi zubien ikuspegi berria eskaini digute .

Zarrabeitiaren argazki bitxiek, fantasiazko zipriztinez ukituta, irakurleen irudimena piztea dute helburu. Areitioren testuek, berriz, eskutik hartuko gaituzte zubirik zubiko paseo zoragarrian barrena egiteko eta haien iragana eta ertz batetik bestera igaro den bizitza jarioa ezagutzera emateko.

Gizateriaren ondare da Bizkaia zubia; Bilboko armarriko zubiaren oinordekoa San Antongoa; biak ala biak, beste hamabostekin batera, liburuan daude, hala bidezubi funtzionalak nola diseinu bikaineko zaldainak. Boluetako Zubibarritik Portugalete eta Areeta arteko zubi esekiraino, bidaia zirraragarria dugu zain burdinazko itsasadarretik behera.

Lerron azpian, prentsan liburuari buruz agertutako artikulu bi, Bilbao eta Getxoberri aldizkarietakoak hain zuzen.

Andia eta Etxauriko mendietako mapa dakar Suak

mp-andia-etxauri-azaltxiki

Mapas Pireinaicos bildumako ale berri bi kaleratu ditu Sua Edizioak-ek, zein baino zein erakargarriagoa mendizaleentzat. Alde batetik, Andia mendigune osoa eta Etxauriko haitzak mapa batean bildu ditu Suak, herritar askoren gogoko alderdia alegia; eta, bestetik, Posets-Perdiguero aldeko mapa ere argitaratu du, Pirinioetako mendialde bisitatuenetako bat hain zuzen.

Andia eta Etxauriko maparen hedadura zein den jakiteko esango dugu ertzetan Arbizu, Irurtzun, Etxauri eta Dulantz mendia daudela. Beraz, lan kartografiko honen baitan ageri dira Beriain edo Sarbil bezalako tontor ospetsuak, Ollaran eta Goñerriko ibarrak, Erdi Aroko gazteluak (Gaztelu), Oskiateko haitzartea edo Euskal Herriko erdigune geografikoa.

Ohi den bezala, mapa Miguel Angulo kartografoari zor zaio eta 1:25.000 eskalan egin du. Atxikita daraman liburuxkan Gorka Lopez mendizale adituak diseinatutako 15 txango, igoera eta paseo bildu ditu.

Posets-Perdiguero

Mapas Pirenaicos bildumako bigarren nobedadea Llardana/Posets eta Perdiguerori eskainitakoa da. Alegia, Gistain eta Benasque ibarren arteko mendigune itzelari. Mapa honetan ere, egileak Miguel Angulo (kartografia) eta Gorka Lopez (liburuxkako 15 igoerak) dira.

Nafarroako Natur Mirariak, gozamen hutsa

00_MARAVILLAS_NAVARRA(cubierta).indd

Sorginduko gaituen liburua da Nafarroako Natur Mirariak-Maravillas Naturales de Navarra, Sua Edizioak-ek egunotan argitaratu duen liburu elebidun zoragarria. Bertan bildu ditu, Santi Yanizen testuen eta argazkien bidez, Nafarroako natur ondareko alerik preziatuenak. Bardeetako lur elkorretatik hasi eta Biduze ibai emaritsuraino, eta Azueloko haitzetatik Larrako alpetar eremuraino.

Ozen eta argi esan du egileak berak liburuaren aitzinsolasean: Nafarroa paregabea da paisaia sorta itzelari esker. Kilometro gutxitan igarotzen da ordeka nabarretatik muino berdeetara eta bertatik zuriz janzten diren haitz garaietara. Libururako 34 paraje aukeratu dira, esaten dugunaren erakusgarri. Argazkiak ikusita zalantza guztiak uxatuko ditugu, leku guzti horien edertasuna barra-barra zabaltzen dute eta.

Liburuko orrialdeetan barrena Larraun bezalako ibai bihurriak agertuko zaizkigu, edo Aritzakun eta Urritzate bezalako ibar ahaztuak, Mueseko monolitoen gisako harrizko eskulturak… Eta, jakina, natur mirari ezagun guztiak: Iratiko oihana, Urederrako iturburua, Bertizko Jaurerria, Belagua eta Larra, Bardeetako basamortua, Arbaiungo Atea…

Argazkiekin batera eremu bakoitzeko arima zizelkatzen duten testuak idatzi ditu Santi Yanizek. Liburua ele bitan dator, euskaraz eta gaztelaniaz.

This slideshow requires JavaScript.