Mapas Pireinaicos bildumako ale berri bi kaleratu ditu Sua Edizioak-ek, zein baino zein erakargarriagoa mendizaleentzat. Alde batetik, Andia mendigune osoa eta Etxauriko haitzak mapa batean bildu ditu Suak, herritar askoren gogoko alderdia alegia; eta, bestetik, Posets-Perdiguero aldeko mapa ere argitaratu du, Pirinioetako mendialde bisitatuenetako bat hain zuzen.
Andia eta Etxauriko maparen hedadura zein den jakiteko esango dugu ertzetan Arbizu, Irurtzun, Etxauri eta Dulantz mendia daudela. Beraz, lan kartografiko honen baitan ageri dira Beriain edo Sarbil bezalako tontor ospetsuak, Ollaran eta Goñerriko ibarrak, Erdi Aroko gazteluak (Gaztelu), Oskiateko haitzartea edo Euskal Herriko erdigune geografikoa.
Ohi den bezala, mapa Miguel Angulo kartografoari zor zaio eta 1:25.000 eskalan egin du. Atxikita daraman liburuxkan Gorka Lopez mendizale adituak diseinatutako 15 txango, igoera eta paseo bildu ditu.
Posets-Perdiguero
Mapas Pirenaicos bildumako bigarren nobedadea Llardana/Posets eta Perdiguerori eskainitakoa da. Alegia, Gistain eta Benasque ibarren arteko mendigune itzelari. Mapa honetan ere, egileak Miguel Angulo (kartografia) eta Gorka Lopez (liburuxkako 15 igoerak) dira.