“Grandes puertos de los Pirineos”, txirrindularitza zaleentzako harribitxia

PUERTOSonline

Txirrindularitza maite duten guztien poza izango den “Grandes puertos de los Pirineos” salgai dago. Liburuak Pirinioetako 33 mendaterik ezaugarrienak deskribatu eta aztertu ditu, Franziako Tourrean urratu duten legenda gogoan duela.

Harrate bakoitzak atal bi dauzka. Lehenengoan ziklismoarekin lotutako historia jorratu du, kontakizun egiazko bezain kitzikagarriz ongi hornituta. Bigarren atalak, berriz, mendaterako igoera deskribatuko du, zailtasuna, zati bakoitzeko nondik norakoak eta beste jakingarri asko jasoz. Kalitate handiko argazkiak dakartza, fitxa teknikoa, mapa, daturik garrantzitsuenak eta igoerako profil altimetrikoa. Azken horretan desnibelaren portzentajeak islatu ditu eta, gainera, ahalegina, potentzia, denbora eta abiadura kalkulatu ditu.

Liburuko 33 harrateetatik 2 Euskal Herrian daude: Bagargi eta Larraine (Zuberoa). Gainerakoetan, oso nabarmenak dira Tourrean itzal handia lortu dutenak: Marie Blanque, Aubisque, Luz Ardiden, Tourmalet, Superbagnères… Mendate batzuetan igoerak isurialde bitik planteatu ditu egileak. Liburuak 324 orrialde dauzka, denak koloretan eta azal lodia dakar. Aitzinsolasa Miguel Indurainek sinatu du.

Liburuaren egileak, Antonio Toralek (Jumilla, Espainia, 1980), txirrindularitza eta, oro har, kirola maite du. Liburu hau egiteko igoera guztiak egin ditu, behin baino gehiagotan. Gainera, ahalegina eta potentzia neurtzeko sistema bat sortu du.

“Rutas con leyenda”, Galicia bildumako lehenengo liburua

GLCIA LEYENDASazaltxiki

Sua Edizioak-ek Galicia liburu bilduma sortu berri du herrialde hartako kultura, ondasuna, aisialdia eta mendia ezagutzera emateko asmoz. Lehenengo alea, bidea urratzen hasi dena alegia, Anxo Rial kazetariaren eskutik heldu zaigu: “Rutas con leyenda”, Galiziako bazter sorginduak ezagutzera joateko gonbite zoragarria.

Liburuan 40 ibilbide bildu ditu, belaunez belaun iraun duten elezaharrekin lotutako lekuak helmuga. Horrela, Galiziako lau herrialdeetan barrena ibiliko gara, itsaslabar harro eta itsasadar bareetatik hasita eta mendi gaineko azken herrixka eta oihanetara iritsi arte. Leku paregabeak dira, sorginduak, xarma dariela hala haien edertasunari nola bertako gizon-emakumeek mendez mende ehundu dituzten elezaharrei. Erraldoiak eta herensugeak, hildakoak eta biziak, likantropoak eta ikuzleak… pertsonaia sorta harrigarria dago gure zain leku paregabe horiei bizitza emateko.

This slideshow requires JavaScript.

Euskal Herria Liburuak eta Catalunya bildumetan bezalaxe, liburu honetako txango bakoitzak aldean dakartza ibilbidaren deskribapen zehatza, argazki ederrak, mapa eta jakingarri guztiak batzen dituen fitxa teknikoa.

Egilea, Anxo Rial, kazetaria, ekoizlea eta argazkilaria izanik, bidaiak eta mendiak maite ditu eta Galizia goitik behera ezagutzen du. Liburu honetan trebeziaz kontatu ditu elezaharrak, xehetasunez deskribatu ibilbideak eta kalitate handiko argazkiz osatu du puzzlea. Une honetan Galicia bildumako bigarren liburuarekin dabil, “Los mejores paseos por la costa gallega”.

rutasLEYENDA_GALICIA aurkibidea.jpg

Burgosko iparraldeko altxorrak, denon eskura

cubierta_SEND_BUR.indd

Sua argitaletxeak 40 rutas senderistas por las Merindades de Burgos liburua kaleratu berri du. Bertan, Burgosko iparraldeko natura eta kultura arloko altxorrak ezagutzeko parada emango diguten ibilbide labur zoragarriak aurkituko ditugu. Bideok aukeratzea, deskribatzea eta argazki ederretan betikotzea eskualdea zehatz-mehatz ezagutzen duen Pablo Moreno Moralesek egin du.

Burgosko Merindades bailara historikoa Bizkaia bezain handia da zabaleraz baina oso populazio txikia dauka. Mendebaldean, Kantabriako mugan, Alfoz de Santa Gadea dago eta bertatik Bizkaia eta Arabaraino dator, Mena, Losa eta Tobalina ibarrak Gaubea, Aiara eta Enkarterrien auzoak dira eta. Ebro ibaiak erditik ebakitzendu eta eskualdean zazpi eremu natural eder eta eskutada bat monumentu-multzo ikusgarri gorde ditu. Ojo Guareñan hasi eta Puentedey ederreraino, Ebroko haitzartea, Erdi Arotik atera berria dirudien Frías harrigarria, Montes Obarenes-San Zadornil parke naturala, ur-jauzi liluragarriak eta pagadi amaigabeak kateatzen dira 40 ibilbide aukeratu hauetan.

Xendazaletasunaren atalean sartzen dira txango hauek. Alegia, aldatsak ez dira handiak eta ibilbideak ez dira inoiz lau ordutik gorago joaten. Gainera, beti ibiliko gara bide seinaleztatuetan barrena, gehien-gehienetan Ibilbide Laburretan (PR) eta gainerakoetan Ibilbide Luzeetako (GR) zati batzuetan.

This slideshow requires JavaScript.

Txango bakoitzarekin batera, ibilbidea zehatz-mehatz azaltzen duen testua, jakingarri teknikoak, inguruetan bisita bat egiteko proposamena, jakingarri interesgarri bat, ibilbidearen mapa eta argazki zoragarriak aurkeztu ditu liburuak. Alegia, eskualde harrigarri horrekin gozatzeko behar dugun guztia.

Pablo Morenok biziki maite ditu argazkilaritza eta natura. Arlo horietan lan batzuk plazaratu ditu. Hauxe da Sua Edizioak-ekin argitaratu duen lehenengo liburua.

SenderismoBurgos.indd