Sua Edizioak-ek Galicia liburu bilduma sortu berri du herrialde hartako kultura, ondasuna, aisialdia eta mendia ezagutzera emateko asmoz. Lehenengo alea, bidea urratzen hasi dena alegia, Anxo Rial kazetariaren eskutik heldu zaigu: “Rutas con leyenda”, Galiziako bazter sorginduak ezagutzera joateko gonbite zoragarria.
Liburuan 40 ibilbide bildu ditu, belaunez belaun iraun duten elezaharrekin lotutako lekuak helmuga. Horrela, Galiziako lau herrialdeetan barrena ibiliko gara, itsaslabar harro eta itsasadar bareetatik hasita eta mendi gaineko azken herrixka eta oihanetara iritsi arte. Leku paregabeak dira, sorginduak, xarma dariela hala haien edertasunari nola bertako gizon-emakumeek mendez mende ehundu dituzten elezaharrei. Erraldoiak eta herensugeak, hildakoak eta biziak, likantropoak eta ikuzleak… pertsonaia sorta harrigarria dago gure zain leku paregabe horiei bizitza emateko.
Euskal Herria Liburuak eta Catalunya bildumetan bezalaxe, liburu honetako txango bakoitzak aldean dakartza ibilbidaren deskribapen zehatza, argazki ederrak, mapa eta jakingarri guztiak batzen dituen fitxa teknikoa.
Egilea, Anxo Rial, kazetaria, ekoizlea eta argazkilaria izanik, bidaiak eta mendiak maite ditu eta Galizia goitik behera ezagutzen du. Liburu honetan trebeziaz kontatu ditu elezaharrak, xehetasunez deskribatu ibilbideak eta kalitate handiko argazkiz osatu du puzzlea. Une honetan Galicia bildumako bigarren liburuarekin dabil, “Los mejores paseos por la costa gallega”.