Ongi etorri eta urte askotarako!

Mezu honekin abian jarri dugu Euskal Herria liburu bildumaren bloga. Hemen aurkituko dituzue aurrerantzean kolekzioaren gaineko albisteak, Sua Edizioak argitaletxearen nobedadeak eta, oro har, gure herriko kultura, aisialdia, natura eta mendia hobeto ezagutzeko aukerak, berriak, proposamenak…

Jakingo duzuenez, Euskal Herria aldizkariaren azken zenbakian Sua Edizioak argitaletxeak proposamena egin zien irakurle eta harpidedunei aurrerantzean ere elkarrekin jarraitzeko, modu honetan: urtean sei liburu jaso lehen aldizkariaren truke ordaintzen zuten prezio berean. Liburuen edukia Euskal Herria aldizkaria elikatu zuen mami berdinaz osatuko da: kultura, mendia, aisialdia eta natura. %80tik gora baiezkoa eman zuen. Horregatik dago, gaur egun, bilduma hau, haiei esker iraun du Euskal Herriak. Mila-mila esker!

Bloga ez dator bakarrik. Abian dira, halaber, hala facebook nola twitter kontuak, Euskal Herriaz gehiago jakin nahi duten guzti-guztiei zabalik. Ezin delako maite ezagutzen ez dena. Jakina, aldi berean, ateak zabal-zabalik daude iritziak, iradokizunak, ideiak, kritikak eta animoak bidali nahi dituztenentzat.

Ea denon artean leiho handi eta ederra irekitzen dugun Euskal Herriari begiratzeko. Urte askotarako!

Basorik ederrenak, Euskal Herria bildumako bigarren zenbakian

ARBOLES. Hayedo. ABODI. Orbaizeta. Nafarroa (E)

Pagadia Abodiko mendietan (Nafarroa). Argazkia: Santi Yaniz.

Euskal Herria bildumako ‘Ama Lurra’ lehenengo tituluaren arrakastaren uberatik dator bigarrena, ‘Rutas por los bosques más bellos’ (Ibilbideak basorik ederrenetatik). Santiago Yaniz argazkilari eta idazle oparoak hamaika iradokizun eman dizkigu zuhaizti zoragarrienetara bidaiatzeko eta, horrela, Euskal Herriko oihanik onenak ezagutzeko.

Ibilbideen deskribapen hutsa dakartzaten liburuetatik urrundu nahi izan dugu oraingo honetan. Alderantziz, helburu nagusia baso bakoitzaren ezagaurriak eta arima aurkitu eta aurkeztu nahi izan dugu, beti ere lekurik ederrenak topatzeko behar bezain besteko informazioa eskainiz jakina.

Orotara, 65 txango legendazko pagadietan barrena ibiltzeko, edo harizti sarrietatik, artadi sorginduetatik, haltzadi eta soto bakartietatik, bertoko pinudietatik…. gure oihanak aurkitu, ezagutu eta, nola ez, maitatu ahal izateko.

portadaBOSQUES.indd

Izadiaren Argazkilariak Bilboko Ondare Aretoan

1979501_428000550668832_1833030815_n

‘Angriff’ (erasoa) argazkia. Argazkilaria: Pal Hermans.

Goikoa bezalako irudi ikusgarriak gure zain daude Bilboko Ondare Aretoan. Ekainaren 7ra arte zabalik egongo da Bizkaiko Foru Aldundiaren erakustoki horretan ‘Naturaren Argazkilariak 2014’ erakusketa. Bertan European Wildlife Photographer of the year lehiaketako argazkirik bikainenak jarri dituzte ikusgai eta, haiekin batera, bost euskal argazkilari handien lanak eta eskola-umeentzako lehiaketako irudi sarituak.

Euskal argazkilari aukeratuak Xabier Armendariz, Carlos Villoch, Mikel Bilbao eta Sua Edizioak argitaletxearekin sarritan kolaboratu duten Santi Yaniz eta Joseba del Villar dira.

European Wildlife Phtographer of the year lehiaketako argazkiak ‘Izadiaren argazkilariak’ katalogoan argitaratu dituzte. 160 orrialdeko liburu horretan 18 herrialdeko 72 argazkilariren lanak ageri dira.