Egunotan inprimategira itzuli da Sua Edizioak argitaletxearen poster arrakastatsuenetako bat. Done Jakue Bideen Mapaz ari gara, Pabetik eta Jakatik Finisterraraino dagoen lur eremua mapa panoramiko handi batean bildu duena.
Lan txukun hori Miguel Angulo kartografoak egin zuen eta lehenengoz 2007an argitaratu zen. Plazaratu berritan publikoak besoak zabalik hartu zuen eta, harrez gero, horrela segitu du. Ondorioz, hamaika bider agortu ditu botaldiak. 2014ko ekain honetakoa, seguru gaude, ez da azken berrargiltapena izango.
Done Jakue Bideen Mapak hemeretzi ibilbide bildu ditu, frantses bide ospetsuarekin hasi eta lekuan lekuko aldaera txikiekin buka, Baiona eta Iruñea Baztan ibarretik lotzen dituena kasu. Gainera, ikur bidez jakinarazi du non dauden erromesentzako aterpetxeak, baita bideko monumenturik handienak nabarmendu ere.