“Andres Espinosa”, libre eta bakarrik ibili zen aitzindariaren komikia

Bi urtean behin, Mendifilm jaialdiak eta Sua Edizioak-ek indarrak batzen dituzte euskal mendizaletasunaren gaineko komikia plazaratzeko. Aurtengoa hirugarrena da eta, zalantzarik gabe, zirrara eragingo du. Andres Espinosa. Bakarrik eta libre komikiak bere bizitza harrigarria islatu du. Aitzindaria izatea zer den erakutsiko digu!

Andres Espinosa Etxebarria (1903-1985) zornotzarrak balentria ikaragarriak egin zituen euskal mendizaletasuna abiatu berritan zegoenean. Euskal Herriko mendiak igo eta gero, atzerrira jo zuen abentura bila, baita aurkitu ere: Urriellu soka barik eskalatu zuen, Mulhacen, Veleta eta Teidera bakarrik igo zuen, Mont Blanc eta Cervino bakarrik eskalatu zituen lehenengoa izan zen, Afrika zeharkatu zuen Kilimanjaroko gailurrera heltzeko, Himalaiaraino joan zen bertako tontorren bila… 1936ko gerrak eten zion bidea, baina artean egindakoa edonor harri eta zur uzteko modukoa da.

Haren bizitza dakarren komikian Ramon Olasagastiri zor zaio testua. Ilustrazioak eta koloreak, berriz, César Llagunoren eta Felipe H. Navarroren eskutik etorri dira. Emaitza, zalantzarik gabe, bikaina da, Espinosak merezi zuen neurriko komiki ederra.

Aurretik beste komiki argitaratuta daude Sua Edizioak eta Mendifilm jaialdia elkarlanean. Lehenengoa, 2018an, Everest. Herri bat gailurrean izan zen. 2020an Iñurrategi anaiak. Mendiari bihotz emanak kaleratu zen. Zaletuek harrera ezin beroagoa eman zieten biei.

“Parque natural de Bardenas”, beste mundu baterako atea

Bardeetako paisaia ez da Europako paisaia. Salbuespena da, kontinente osoan leku gutxitan aurki daitezkeen ekosistemak eta habitatak osatu eta gorde dituelako. Bada, mundu ezberdin horretara sartzeko ate ezin egokiagoa da Parque natural de Bardenas liburua. Gorka Lopez mendizale adituaren eskutik, goitik behera eta ezker-eskuin zeharkatuko dugu parke naturala eta, horrela, haren zokondo ezaugarrienak ere bertatik bertara ezagutu, ikusi eta zaintzen lagunduko dugu.

Orotara, Bardeetako parken natural eta biosferako erreserba 45.000 hektarea zabal da, dena estepa, muino gorri, labore-sail eta oihan. Ekosistema hauetako askok ez dute parerik gurean, beste latitude batzuetako ezaugarriei erantzuten diete eta. Hortaz, altxor ekologiko baten aurrean gaude. Liburu honek modu egokian ezagutzeko aukera ematen digu.

Horretarako, Gorka Lopezek hogeitabost ibilbide proposatu eta deskribatu dizkigu, hala Bardea Zurian nola Bardea Beltzan barrena modu egokian ibiltzeko. Horrez gain, parke naturala bttz zeharkatzeko hiru ibilbide ere jaso ditu. Eta gure bidaiaren osagarri, Erriberako herri nagusietako bidaia-gida ere atondu du, Bardeetako bisita are gozoagoa izan dadin.

Beheko bideoan, Gorka Lopezek berak azaldu ditu liburuaren nondik norakoak. Ondo ibili!

“Bizkaia mendiz mendi”, familia mendizaleentzako mahai-jolasa

Hemen da aurtengo sorpresa, mendizaletasuna mahai-jolasen arlora heldu baita Bizkaia Mendiz Mendi jolasarekin. Familian olgetako pentsatuta dago eta, bide batez, ume-umetatik Bizkaiko mendien nondik norakoak ezagutzen hasteko.

Jolasaren helburua ehun mendien lehiaketako Bizkaiko 128 gailurrak igotzea da. Erronka betetzeko, aukera ekonomikoak eta gaitasun fisikoak uztartu behar ditugu. Biak behar bezala erabiltzea ezinbestekoa izango da partida jokatzeko.

Mendien puntuazioa zailtasunaren eta kokapenaren arabera banatu da; hortaz, garrantzitsua da helburuak aukeratzen jakitea, lortutako puntuen baturak ebatziko baitu irabazlea. Lagungarri izango zaizkigu laguntza-kartak, besteak beste deskontuak, aparteko puntuak eta hainbat bitarteko ematen dituztelako.

Natxo Agirrek diseinatutako jolas honek taula zabal bat, fitxak, kartak eta familia- edo lagun-giroan partida kitzikagarria egiteko jakingarriak dakartza. Ondo baino hobeto pasatuko dugu eta, gainera, txikitatik Bizkaiko mendien geografia ikasiko dugu. Bizkaia Mendiz Mendi euskaraz eta gaztelaniaz dator. Ondo pasa!