“Cañadas y senderos de pastores”, artzain-bideetatik gora

Mendira joateko modu eta bide asko daude. Cañadas y senderos de pastores liburuan, Txusma Perez Azaceta eta Sara Carte Morionesek artzainak eta artaldeak hautatu dituzte bidelagun. Antzinean bezala gaur egun ere erabiltzen dituzten bideetan gora egitera gonbidatzen gaituzte. Mendiaz gozatu eta, gainera, artzain kulturaren ondare joria eta gaur egungo errealitatea bertatik bertara ezagutzeko parada izango dugu.

Orotara, hogeita bost ibilbide bildu dituzte egileok liburu honetan, hogeita hamarren bat gailur egiteko asmoz. Baina tontorrak bezain inportanteak dira bidean aurkituko ditugunak. Izan ere, zeharkatuko ditugun parajeak, hein handi batean, artzaintzak moldatu ditu: larreak, oihanak, trikuharriak, sarobeak, kaiolarrak eta kortak… Abelbideotan barrena egingo ditugun txango eta igoeren osagarri, egileok plan sorta ederra erantsi diote liburuari artzain kulturaz behar bezala janzteko, baita gazta gozoa dastatzeko ere, zergatik ez.

Txusma Perez Azaceta eta Sara Carte Morionesek proposamen sorta bikaina osatu dute, Aiaraldea eta Ganekogortatik Andiaraino. Tartean dira artzain-kulturaren eremu gorenak diren Gorbeia, Urkiola, Aizkorri, Entzia, Aralar eta Urbasa. Ondo ibili!

“Euskal Herria furgonetaz”, herria goitik behera ibiltzeko gida bikaina

Bazegoen liburu honen premia. Aspalditik. Gure herria goitik behera eta ezker-eskuin furgonetaz ibiltzeko gida bikain bat behar genuen. Bada, hemen dago Euskal Herria furgonetaz. Ibilbiderik onenak, Nagore Lizarraldek eta Arkaitz Apalategik ondu duten liburu aparta. Hogeita bost ibilbide zazpi herrialdeetan barrena eroso ibiltzeko lekuan lekuko harribitxi eta altxorrekin gozatzen.

Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bostna ibilbide proposatzen ditu liburu honek. Eta azken bostak Ipar Euskal Herriari eskainita daude. Tartean dira bost hiriburu: Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Baiona eta Donostia. Eta, jakina, kilometroak urratu ahala, eskualde eder asko zeharkatuko ditugu: kostalde osoa (Baionatik Muskizeraino), Enkarterri, Arabako Errioxa, Nafarroako Pirinioa, Goierri, Nafarroa Beherea, Erribera…

Argazki, errepide-mapa, deskribapen eta jakingarri ugariz jantzita dator gida hau. Non aparkatu, furgonetarekin non lo egin eta erosketak non egin ere jaso dute egileek, datu praktikoak horrelakoetan ezinbestekoak direlako. Eta autokarabana guneen kokapen zehatza jakinarazteko, QR kodeak erantsi dituzte. Ezin praktikoago.

Nagore Lizarralde eta Arkaitz Apalategik eskarmentu handia daukate furgonetaz bidaiatzen. Blog bat ere badaukate, ehfurgo.eus, euren bidaien berri emateko. Orain digitaletik paperera egin dute jauzi, eta emaitza bikaina da.

Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel, guztion eskura

Zer esana ematen ari da Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel liburu berriak. Batetik, lehenengoz Euskal Herria bilduman euskaraz ere kaleratu delako. Are gehiago, jatorrizkoa euskarazko bertsioa da. Bestetik, gidaliburu bikain eta erakargarria delako, ezinbesteko laguna parke naturaleko eta Jaizkibelgo zokondorik ederrenak bertatik bertara ikusteko.

Orotara, Mikel Arrizabalagak ondu duen liburuan 26 ibilbide aurkituko ditugu, 15 Aiako Harria parke naturalaren baitan edo inguruetan, eta gainerakoak Jaizkibel aldekoak. Gutxi batzuk zeharkaldiak edo igoera maldatsuak dira. Gehienak, berriz, goizpasa polita egiteko moduko plan ederrak. Denak, seguru, asebeteko gaituzten mendi-irteera zoragarriak.

Tontorrak, oihanak, ur-jauziak, ibar esekiak, labarrak, zelaiak, errekak, urtegiak, isilpeko bidezidorrak, meatzeak eta milaka kontu zahar eta berria izango ditugu bidaide. Nahi baduzu gehiago jakin, sakatu lerro hauen azpiko lotura. Bertan daude liburuko lehenengo orrialdeak, aurkibidea barne. Ondo ibili!