“Planes de fin de semana”, gure herriaz gozatzeko ideia bikainak

EH34_PLANES FINDEazala

Hamabost dira “Planes de fin de semana” [astebururako planak] liburuak proposatzen dizkigun ideiak. Baina ideia bakoitzaren baitan hamaika proposamen tentagarri sartzen da, asteburua (edo aisialdirako edozein egun) gogoangarria bilakatu arte.

Horrela, ideia bakoitzaren deskribapenean interesgune eta aktibitate andana agertzen da. Kultur bisitaldiak, gastronomia, familian egiteko moduko planak, enoturismoa, abentura kirolak eta beste hamaika iradokizun zerrendatzen dira, nork bere gustuko plana osa dezan. Gainera, atal gehienetan zehatz-mehatz deskribatutako mendi irteera ere sartu du egileak, bisita nagusiaren osagarri (edo, beharbada, alderantziz).

Liburuak hiru proposamen nagusi dakartza herrialdeko. Aurkibidean azalduko zaizkigu, besteak beste, Iratiko oihanaren Zuberoako atala, Bastida herri ardogile zoragarria, Urdaibain barrena egiteko plan itzela, historiaz betetako Deierri eta Gesalatz nafar ibarretako paisaia ederrak eta Aloña mendiaren gerizpean gordetzen diren zoko-moko zoragarriak (Oñati).

Astebururako plan kitzikagarriok Alberto Murori zor zaizkio. Berak sortu, deskribatu eta argazkiz dokumentatu ditu. Muro aspaldiko kolaboratzailea da Sua Edizioak-en eta Euskal Herria goitik behera eta ezker-eskuin ibilita dago.

This slideshow requires JavaScript.

“Valles escondidos”, Euskal Herriko ibar eder bakartiak

EH30_Valles

Hau ez da Euskal Herriko bazter ezezagunen hautapena, ezezagunik ez dagoelako gurean. Hala ere, badira bailarak, ibarrak, herriak, gutako gehienon begientzat ikusezin gertatzen direnak, gure etxetik kilometro gutxitara egon arren. Gure bizitzetako bideak ez dira inoiz handik igarotzen. Ibar ahaztuak dira, guretzat ostendurik gelditu direnak alegia, Euskal Herria Liburuak bildumako ale berriko (“Excursiones a valles escondidos”) protagonistak.

Alberto Muro argazkilari, kazetari eta gidariak hamabost haranetara hurbildu da, goitik behera ibili eta argazkitan jaso ditu. Ohiko ibilbideetatik kanpoko ibarrak dira, bazterreko baina eder. Izan ere, nork esango digu Boveda, Gaubea ibarreko mendebaldeko herri bakartia ez dela ederra bere horretan, mendiz, basoz eta galsoroz inguratuta? Zenbat bilbotar joan da inoiz Zeberiora, Bizkaiko hiriburutik 12 kilometrora dagoen 50 km2ko ibar horretara? Nor egon da inoiz Aritzakunen, Baztan ibarreko zokondo ahaztuan? Nork daki Montori mapan egoki paratzen?

Euskal Herrian barrena sakabanatuta daude ibarrok, nork bere paisaiarekin, zein baino zein ederrago. Horra hor, esate baterako, Galdameseko meatze zaharren orbanak, edo Arana ibar bakartiko bazter miragarriak. Horra hor, Pirinioetako mendi altuz hesitutako Zilbeti eta Markiz eta Arluzea kontzejuen artean zabaltzen den Molino errekaren harana, Kapildui mendiaren abaroan.

Orotara, 15 ibar eta 30en bat proposamen gure geografiako bazter eder eta bakartietan barrena ibiltzeko.

Xendazaleentzako 80 ibilbide, Bizkaian zehar egiteko

SenderismoBIZKAIA_sua

Bizkaia osatzen duten hiru osagai nagusiek, ura, haitza eta burdina alegia, herrialdeko paisaia eta, are gehiago, nortasuna zizelkatu dituzte. Hirurak nahastean gauza izan dira itsasadar eta estuarioak sortzeko, gaur egun Bizkaiko eszenatoki ezaugarrienak, Ibaiazabal eta Urdaibai buru. Horrela agertu dira, halaber, meatze aldeak, mendigune karstikoak, itsaslabarrak eta gailur ezaugarriak. “80 rutas senderistas por Bizkaia” liburuak paisaia horietara eramango gaitu, hala gure herri gogoan ohorezko lekuan daudenetara nola oraindik ere herritar gehienontzat zeharo ezezagunak direnetara.

Hortaz, liburuak mota honetako tokietara joatera gonbidatuko gaitu: Gaztelugatxe, Urdaibaiko padurak, Gorbeiako Arraba eta Itxina, Bilboko itsasadarra eta Gernika. Horiekin batera, goi mendietako bizkarretatik ibiliko gara, azken pagadietan orbelak zapalduko ditugu, meatzarien herri hustuetara helduko gara eta baleak zelatatzeko talaietatik itsasoarekin bat egingo dugu.

Liburu honek 80 proposamen batu ditu. Goiz pasa ederra izan daitezke, ia denak umeekin egiteko modukoak, gehienak aldats gogorrik gabekoak. Askotan bide seinaleztatuetatik igarotzen dira. Edonork egiteko moduko xendazaletasuna, beraz.

Ibilbide horietatik gehien-gehienak Sua Edizioak-ek azken urteotan argitaratutako liburu eta aldizkarietan agertu dira. Denak errebisatu eta eguneratu dira. Bizkaia osoa gure esku geratuko da: aztarnategi arkeologikoak, megalitoak, ur-jauziak, itsaslabarrak, gailur panoramikoak, artadiak eta pagadiak, hiri barruko ibilbideak eta beste hamaika proposamen.

Ibilbideak aldean dakar deskribapena, fitxa teknikoa eta mapa, baita argazkiak ere. Liburuko kontrazaleko barrualdean txango guztiak ageri dira, Bizkaiko mapan egoki jarrita.

This slideshow requires JavaScript.