Aurton ez da Tour egunik izango uztailean. Baina mendate mitikoak han daude, txirrindulariak noiz agertuko. “Grandes puertos de los Pirineos” (Sua Edizioak, 2017) liburu bikainak mendilerroko 33 harrate jaso ditu, zaletu guztien esku uzteko asmoz. Egileak, Antonio Toralek alegia, igoera guztiak egin zituen, behin baino gehiagotan, zehaztasun handiz deskribatzeko gero. Gainera, ahalegina eta potentzia neurtzeko sistema bat sortu zuen.
Harrate bakoitzak atal bi dauzka. Lehenengoan ziklismoarekin lotutako historia jorratu du, kontakizun kitzikagarriz ongi hornituta. Bigarren atalean, berriz, mendaterako igoera deskribatu du, zailtasuna, zati bakoitzeko nondik norakoak eta beste jakingarri asko jasoz.
Esaten dugunaren erakusgarri, lerroon azpiko estekan, atal bat utzi dugu denon esku. Col de la Pierre de Saint Martin-Soudet mendateari dagokiona. Eta beherago, liburuaren aurkibidea. Ekin gogor, neska-mutilok!