‘La Alta Ruta Pirenaica’ ebookean eta mugikorretarako mapak plazaratu ditu Suak

Pirinioetako goialdeak lotzen dituen zeharkaldia da ‘La Alta Ruta Pirenaica’ liburuko protagonista. Itzal handiko liburu horren edizio digitala eskuragarri jarri du Suak. Editorialaren web gunean aurkituko duzue, baita Elkarren, estatu espainoleko liburudenda digitaletan, iBooks, Amazon eta beste askotan ere. Laster Google Booksetan ere.

altarutaNorberaren interesaren edo gustuaren arabera argitalpen hori eReader bidez irakur daiteke (DRM Adobe euskarriaz), tabletean (Android nahiz Ipad), mugikorrean (Android eta Iphone) eta, jakina, mota guztietako ordenagailuetan (Mac eta Windows).

Teknologia berriekin lotuta, badugu albiste gehiagorik. Urteak dira Sua argitaletxearen kartografia era digitalean dagoela, CompeGPS atari entzutetsuan eskuragarri, eta orain badago modua jaisteko GPS TwoNav-era ez ezik, mugikorrera, tabletera eta gainerako euskarrietara. Bertan aurkituko dituzu Pirinioetako eta Euskal Herriko mapak, 1:25.000 eta 1:15.000 eskaletakoak.

 

Ekialdeko Pirinioetako lakuak, urak zeruetatik dingilizka

portadaLAGOS.inddMendira igotzeak ahalegina eskatzen du beti, baina hamaika ordain gozo ematen du trukean: bidea, lagun artea eta, gehienetan, esker oneko gailurra. Askotan ikuspegiak izaten dira tontorrak gorde duen saria, baina batzuetan sorgindutako parajeak aurkituko ditugu. Esate baterako, ur ilunetako lakuak haitz harroen artean barreiaturik, zipriztinak balira bezala, inguruan, zelatari, izei bakanak dituztela.

Horietakoak anitz daude Kataluniako Pirinioetan. Goi mendi eremu batzuetan harrigarria da aintzira kopurua. Sua Edizioak argitaletxeak ‘Las mejores ascensiones a los lagos más bellos del Pirineo Oriental’ kaleratu berri du. Yvette Delgado Pererak idatzi du. Hogeita bat ibilbide marraztu ditu goi mendietako 70 laku sorgindu mirestera joateko.

Aukera polita da Katalunia bisitatzeko eta bertako mendi lakurik ederrenak bertatik bertara ikusteko. Horietako batzuek andanaka hartzen dituzte bisitariak, hain dira ezagunak. Beste batzuk, ostera, bakartiak dira, baina lehenengoak bezain liluragarriak.