“Grandes puertos de los Pirineos”, txirrindularitza zaleentzako harribitxia

PUERTOSonline

Txirrindularitza maite duten guztien poza izango den “Grandes puertos de los Pirineos” salgai dago. Liburuak Pirinioetako 33 mendaterik ezaugarrienak deskribatu eta aztertu ditu, Franziako Tourrean urratu duten legenda gogoan duela.

Harrate bakoitzak atal bi dauzka. Lehenengoan ziklismoarekin lotutako historia jorratu du, kontakizun egiazko bezain kitzikagarriz ongi hornituta. Bigarren atalak, berriz, mendaterako igoera deskribatuko du, zailtasuna, zati bakoitzeko nondik norakoak eta beste jakingarri asko jasoz. Kalitate handiko argazkiak dakartza, fitxa teknikoa, mapa, daturik garrantzitsuenak eta igoerako profil altimetrikoa. Azken horretan desnibelaren portzentajeak islatu ditu eta, gainera, ahalegina, potentzia, denbora eta abiadura kalkulatu ditu.

Liburuko 33 harrateetatik 2 Euskal Herrian daude: Bagargi eta Larraine (Zuberoa). Gainerakoetan, oso nabarmenak dira Tourrean itzal handia lortu dutenak: Marie Blanque, Aubisque, Luz Ardiden, Tourmalet, Superbagnères… Mendate batzuetan igoerak isurialde bitik planteatu ditu egileak. Liburuak 324 orrialde dauzka, denak koloretan eta azal lodia dakar. Aitzinsolasa Miguel Indurainek sinatu du.

Liburuaren egileak, Antonio Toralek (Jumilla, Espainia, 1980), txirrindularitza eta, oro har, kirola maite du. Liburu hau egiteko igoera guztiak egin ditu, behin baino gehiagotan. Gainera, ahalegina eta potentzia neurtzeko sistema bat sortu du.

“Los mejores recorridos para conocer los Pirineos”, ezinbesteko gidaliburua

MRecorridosPIRINEOScubiertaCMPLtxiki

Sua argitaletxeak Los mejores recorridos para conocer los Pirineos gidaliburua kaleratu berri du. Pirinioak maite dituztenen artean klasiko bihurtuko da, seguru. Argitaletxeak 60 txangorik onenak hautatu ditu eta liburuan bildu ditu, hala paseoak nola igoerak. Egilea eskarmentu handiko mendizalea eta idazlea da, Gorka Lopez gasteiztarra hain zuzen.

Txangoak zailtasun mailaren arabera antolatu ditu Suak, hasi errazenetatik eta buka hirumilakorik ezaugarrienekin. Gainera, liburuko orrialdeetan barrena mendian ibiltzeko oinarrizko eskuliburua aurkituko dugu. Horregatik guztiagatik, Pirinioetan hasteko gidaliburu bikaina ere bada liburu hau.

Gorka Lopezek eskutik hartuko gaitu eta lehenengo ibilbide errazak egingo ditugu Añiscloko haitzartetik, Gavarnieko zirkutik edo Bosc de la Selva oihanetik. Urratsez urrats txangoen zailtasuna handituko da eta amaitu mendirik garaienetan amaituko dugu: Aneto, Monte Perdido, Balaitús… Jakina, Euskal Herria ere ageri da liburuan, ezin bestela izan Pirinioak aipatzen hasita. Besteak beste, Iñarbegiko erreka, Sorogain, Hiru Erregeen Mahaia, Larrun, Orhi edo Iratiko oihana bisitatuko ditugu.

Ibilbidearen deskribapen zehatzaz gain, txango bakoitzak  mapa, kalitate handiko argazkiak, jakingarri teknikoak eta informazio osagarria dakartza. Gainera, arestian esan legez, liburuan barreiaturik daude mendian hasteko eskuliburuko atalak.