Gipuzkoako mendien gida zaharberrituta dator

GM_GIPUZKOA_SUA

Liburu-dendetara iritsi da “Guía de montes de Gipuzkoa” liburuaren seigarren edizioa. Azken hogei urteotan Gipuzkoako mendizaleen artean itzal handia lortu duen klasiko bihurtu da. Iñaki Alcalde Olivaresek eta Txusma Perez Azacetak idatzita, 2000. urtean agertu zen lehenengoz. Oraingoan, Txusma Perez Azacetak igoera guztiak berriro egin ditu, ibilbideak ikuskatzeko eta eguneratzeko. Edizio berriak 95 igoera eta 155 gailur bildu ditu. Tartean dira Euskal Herriko Mendi Katalogoko Gipuzkoako tontor guztiak.

Mendiak bailaraka sailkatuta dakartza liburuak, planak uztartu nahi izanez gero errazago izan dadin. Gainera, mendi bakoitza bere ibilbidearen mapaz eta argazki batez hornituta ageri da.

Lerron azpian dagoen estekan, igoera horietako gutxi batzuk eta liburuaren aurkibide osoa (igoera guztien zerrenda) utzi dugu. Liburu ezinbestekoa da, dudarik gabe, Gipuzkoako mendiak ezagutu nahi dituenarentzat.

GM_GIPUZKOA_sareak

“Mundu bat motxilan”, Alex Txikonen menditazioak

mundubatmotxilan_SUA

Liburu berezia, harribitxia, kaleratu berri du Sua Edizioak-ek. Aurrekaririk gabeko liburua da gurean, berritzailea, kitzikagarria eta hunkigarria. “Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak” Everesterako bidaia bat da Lemoako mendizalearen eskutik, baina askoz gehiago ere bada, bizitzan, mendian eta mendizaletasunean murgiltzeko, baloreez hausnartzeko eta naturaz gozatzeko gonbita dakar eta. Unai Ormaetxeak osatu ditu Txikonen ibilera eta urratsak eman ahala sortu diren gogoetak, pasadizoak, istorioak eta historia handiak. Ez da biografia bat, bizitzari buruzko bere ikuspegia emateko ahalegina baizik.

Menditazioak berba asmatu du Ormaetxeak, Alex Txikonen barne bidaia honen berri emateko. Menditazioak direlako, beste ezer baino gehiago, Everestera negu betean eta oxigeno barik igo nahi duen mendizalearen gogoetak. Horrela, bidean aurkituko dituen paisaia, kultura eta pertsonen gainean hausnartzearekin batera, mendiarekin lotutako zazpi kontu eta istorio azalduko zaizkigu. Txikonek horiek baliatuko ditu bizitzaren gaineko balore nagusietako batzuk mahai gainean ipintzeko. Kontua ez baita gailurrera iristea, zelan jokatzen dugun baino.

20191202_124418

Alex Txikon eta Unai Ormaetxea.

Bidaia kitzikagarri honetan César Llagunoren ilustrazio ederrak izango ditugu bidelagun. Haien bitartez azalduko zaizkigu mendi tontor haietako parajeak eta Txikonek kontatzen dizkigun istorioak. Horrez gain, Rafa Ugaldek sarrera idatzi du eta Juanra Madariagak hitzostea.

Unai Ormaetxea (Zornotza, 1974) eta Alex Txikon (Lemoa, 1981) aspaldiko lagunak dira. Proiektu hau elkarlanean gauzatu dute. Liburua beren-beregi ondu dute gazte-jendeari begira. Hala ere, gazte nahi heldu, edonork irakurtzeko eta gozatzeko modukoa da.

This slideshow requires JavaScript.

“Mañaneras”, mendian goizpasa egiteko plan itzelak

ATP_MAÑANERAS

Liburu hau, “Mañaneras, 50 excursiones de media jornada” alegia, mendian estutasun handirik gabe baina ahal denik eta gehien gozatuz ibiltzen direnentzat egin dugu. Mendizale horiei ez zaie azaldu behar mendian goizpasa egitea zer den. Badakite ez dutela egunsentiarekin jagi beharko, ogitartekoa eta kantinplora nahikoa direla xahututako indarrak berritzeko eta, hiru-lau ordu geroago berriro autoan egongo direla, etxera edo inguruetako jatetxe on batera bazkaltzera joateko prest.

Egileak, Iñaki Vigor eta Karlos Sanz alegia, Euskal Herri osoan barrena ibili dira 50 mendi-txango aukeratu arte. Bardeetako Cabezo del Frailetik Karrantzako Raneroraino eta Valderejoko natura-parkeko Recuenco menditik Zuberoako Pista ur-jauziraino.

Esan legez, 50 dira liburuko igoerak eta ibilbideak. Horien bidez gozatuko gara mendi paisaia zirraragarriekin, eskualde eta jende asko ezagutuko dugu eta, batez ere, harri eta zur geldituko gara gure herriak, Euskal Herriak, bere txikian, gordetzen duen aniztasun txundigarriaz.

Oharra: liburu honetako edukiak Euskal Herria aldizkariak 2013an argitaratutako  zenbaki berezian (“50 mañaneras. Excursiones de media jornada”) agertu ziren. Liburu berrirako egileek ibilbideak gainbegiratu eta egunean jarri dituzte.

 

This slideshow requires JavaScript.