Liburu berezia, harribitxia, kaleratu berri du Sua Edizioak-ek. Aurrekaririk gabeko liburua da gurean, berritzailea, kitzikagarria eta hunkigarria. “Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak” Everesterako bidaia bat da Lemoako mendizalearen eskutik, baina askoz gehiago ere bada, bizitzan, mendian eta mendizaletasunean murgiltzeko, baloreez hausnartzeko eta naturaz gozatzeko gonbita dakar eta. Unai Ormaetxeak osatu ditu Txikonen ibilera eta urratsak eman ahala sortu diren gogoetak, pasadizoak, istorioak eta historia handiak. Ez da biografia bat, bizitzari buruzko bere ikuspegia emateko ahalegina baizik.
Menditazioak berba asmatu du Ormaetxeak, Alex Txikonen barne bidaia honen berri emateko. Menditazioak direlako, beste ezer baino gehiago, Everestera negu betean eta oxigeno barik igo nahi duen mendizalearen gogoetak. Horrela, bidean aurkituko dituen paisaia, kultura eta pertsonen gainean hausnartzearekin batera, mendiarekin lotutako zazpi kontu eta istorio azalduko zaizkigu. Txikonek horiek baliatuko ditu bizitzaren gaineko balore nagusietako batzuk mahai gainean ipintzeko. Kontua ez baita gailurrera iristea, zelan jokatzen dugun baino.
Alex Txikon eta Unai Ormaetxea.
Bidaia kitzikagarri honetan César Llagunoren ilustrazio ederrak izango ditugu bidelagun. Haien bitartez azalduko zaizkigu mendi tontor haietako parajeak eta Txikonek kontatzen dizkigun istorioak. Horrez gain, Rafa Ugaldek sarrera idatzi du eta Juanra Madariagak hitzostea.
Unai Ormaetxea (Zornotza, 1974) eta Alex Txikon (Lemoa, 1981) aspaldiko lagunak dira. Proiektu hau elkarlanean gauzatu dute. Liburua beren-beregi ondu dute gazte-jendeari begira. Hala ere, gazte nahi heldu, edonork irakurtzeko eta gozatzeko modukoa da.