Txangoak trikuharri, iruinarri eta harrespiletara

eh-19-megalitosGure mendietako lepo eta harrateetan zazpi eder daude. Gehienak, edertasun naturalak dira, alegia, natura bere ederrean, paisaiaren zoragarria; baina badira beste anitz pertsonei zor zaizkienak, kulturari lotutakoak, historiaren lekukoak, etnografikoak. Hain da horrela ezen Euskal Herriko mendiak aire libreko museo erraldoi gisa ikustea ere badagoen, prehistoriako milaka monumenturen gordailu. Ikusgarrienak Euskal Herria Liburuak bildumako ale berrian ageri dira: “Dólmenes, crómlech y menhires”, Alberto Murorena.

Liburuak monumentu megalitikoetaraino eramango gaituzten 34 txango dakartza. Zazpi herrialdeetan barrena ibiliko gara, Arabako Errioxatik edo Artaxoatik Belagua edo Behorlegiraino. Jakina, zerrendan megalitorik esanguratsuenak ageri dira: Chabola de la Hechicera edo Sorginetxe bezalako trikuharri dotoreak, Oianlekuko mairubaratzak, Ilarritako nekropoli itzela eta bost metro altu den Kurutzeganeko iruinarria. Baina, horiez gain, gutxi batzuek besterik ezagutzen ez dituztenak ere bildu ditu liburuak: Kuartango ibarreko trikuharriak, Busturiko iruinarri pertsona formakoa, Longarreko hipogeoa (Viana).

Monumentu horien bila Alberto Muroren eskutik joango gara. Argazkilaria, kazetaria eta gidaria, Euskal Herria goitik behera eta alderik alde ibilitakoa da. Liburuko irudi ederrek monumentu horiek bertatik bertara ikusteko grina piztuko digute. Are gehiago jakinda leku horiek askotan paraje kitzikagarriak direla. Bertaraino iristen lagunduko digute liburuko testuek, mapek eta fitxa teknikoek. Ez dago galtzerik.

This slideshow requires JavaScript.

Euskal Herriko loreen gidaliburua, kalean

flores_guiamtdotxikiGeografia txikia izan arren, Euskal Herriak ekosistema sorta oparoa daukanez, biologia aldetik ere eremu joria da. Europan ezagutzen diren lore eta landare espezieen %20 gure herrialdeetako bazterren batean hazten da.

“Guía de flores de Euskal Herria” gidaliburu honek ehun espezie botaniko jaso ditu, hala berezkoak nola kanpotik ekarritakoak. Identifikazioa errazteko asmoz, fitxa bakoitzak deskribapena dakar (ezaugarriak, bizilekuak, loratze aroa…) alboan lore bakoitzaren argazkia duela. Gainera, espezie bakoitzak herrian daukan hedadura mapan islatu du eta landareei eman ahal zaizkien erabilerak ere atal batean bildu.

Irudiak eta testuak Joana Garcíak osatu ditu. Elikaduran eta naturan aditua, mendizalea eta argazkilaria da Joana Garcia, baita naturopata ere. Suarekin beste liburu bat argitaratu du, 2016an, Antxon Burciorekin elkarlanean eginda: “Nutrición, seguridad y salud en la montaña”.

“Guía de flores de Euskal Herria” Natura gidaliburu bildumaren baitan kaleratu du Suak. Orain arte atal horretan beste gidaliburu bi plazaratu ditu: “Hegaztien gida” eta “Zuhaitzen gida”, biak Euskal Herrikoak.

This slideshow requires JavaScript.

Suak Ignaziotar Bidearen gidaliburua kaleratu du

CUBIERTA ignaciano.indd

Orotara 600 kilometrotik gora eta 27 etapa bete behar dira Loiolako santutegitik Manresaraino joateko. Leku bi horiek San Ignazioren bizitzan eragin handia eduki zuten eta orain ibilbide seinaleztatu batek lotzen ditu. Sua Edizioak-ek “Guía del Camino Ignaciano” argitaratu berri du, Loiolako Enekok duela ia 500 urte egin zuen bidaia egin nahi dutenentzat ezinbestekoa.

Ignaziotar Bidea 2012an sortu zuten santuak 1522an urratu zituen 650 kilometroak zedarritzeko. Orduko hartan Loiolako haren etxetik atera eta, krisi pertsonal sakonean zegoela, Montserrateko santutegiraino joan zen. Handik Manresa ondoko haitzulo batera aldatu zen. Bere azken helburua Jerusalen zen eta, geldialdiak geldialdi, azkenean hara ere iritsi zen, Bartzelonan ontziratu ostean. Bidaia hartan lehengo gerlaria fededun bihurtu zen: Loiolako Enekok zaldun jantziak erantzi eta arlote baten gisa bizi izan zen Manresako kobazuloan, haren bizitzaz eta erlijioaz gogoeta egiten zuen bitartean.

Gaur Loiola eta Manresa bitarteko bidea egin dezakegu gezi laranjei kasu eginez. Ibar berde euritsuetan barrena ibiliko gara, Errioxako mahastien ondotik, Erriberako olibadietatik, Kataluniako Bagéseko goi ordekatik eta Monegroseko basamortu bakartitik. Aizkorri, Entzia edo Kodeseko mendietako magaletatik gora eta behera aurrera egin ondoren katedral ederrak ikusiko ditugu (Tutera, Zaragoza…) Montserrateko santutegi mitikora heldu aurretik.

Gidaliburu hau hiru kazetari adituen lanaren emaitza da: Sergi Ramis, César Barba eta Daniel Burgui. Liburuak etapa guztien deskribapena dakar eta ibilbideko mugarririk garrantzitsuenak non dauden zehaztu ditu. Gainera, argazkiak, mapak eta bidean azalduko zaigun natura, historia eta kultura arloetako ondarearen gaineko jakingarriak bildu ditu.

This slideshow requires JavaScript.