Gorriz jantzitako egunak

20141121_103010Haritz zaharren basoa. Munain-Okariz (Araba).

Bazterrak gorriz jantzi dira egunotan. Edo okrez, horiz, laranjaz. Urtarorik ederrena bere onenak ematen ari da orriak orbel bihurtzen diren bitartean. Etxeko epela utzi eta mendira jotzeko grina hauspotu egin digu. Kolore festa txundigarria dago gure zain.

Hamaika leku egoki daude egun hauetako edertasunaz gozatzeko. Argazkikoa, esate baterako, Entziako mendien abaroan mendez mende hazi den Munain eta Okarizko basoa, haritz zaharren (500 urtetik gorakoak, asko) zuhaiztia. Hori eta beste asko Rutas por los bosques más bellos liburuan ageri dira. Beste aukera klasikoak Aizkorri-Aratz, Aralar, Baztan, Urbasa eta Iratiko oihana izan litezke. Horietara joez gero ere, lagungarriak izango dira Suaren mapa berrituak.

Eta, jakina, zuhaitz zaleak bagara, komeni da zuhaitzen gidaliburua aldean eramatea, aurrean daukagun edertasunaren ardura norena den jakin dezagun.