“Hernio eta Pagoetako natura parkea”, gizakiak eta naturak bat egiten duten lekua

Hernioko gailur lerdenaren itzalpean natura eremu bikaina zabaltzen da, itsasaldetik barrualdeko ibarretaraino. Alderdi bat, Pagoeta, natura parkea da eta Hernio-Gazumeko mendigunea, bere aldetik, Kontserbazio Bereziko Eremu gisa babestuta dago. Horrela, Aizarnazabaldik Albizturreraino, gizakiak eta naturak auzolanean, edertasun handiko ingurua gorde dute. Barruti horretan barrena eramango gaitu liburu honek. 29 ibilbide zoragarri proposatu dizkigu, tontor, baso, erreka, itsas gaineko talaia eta bailara bakartien bila joateko, ermita, garai bateko burdinola eta galtzada zaharretako arrastoei segika.

Egilea, Mikel Arrizabalaga mendizale adituak, hamazazpi txango eta igoera aukeratu ditu Hernio aldean, eta hamar gehiago Pagoetako parke naturaletik. Horiez gain, zeharkaldi bi ere badakartza liburuak, Altxonbidea (GR35) eta Gailurrez gailur izenekoak.

Ohi bezala, ibilbideak jakingarri praktikoz, mapaz, trackaz eta argazkiz hornituta datoz. Eta proposatutako eremuko ondarea hobeto ezagutzeko, egileak artikulu labur kitzikagarriak ere erantsi dizkio.

Liburuan kuxkuxeatu nahi izanez gero, lerroon azpian lagina utzi dugu. Ondo ibili!

Euskal Herriko mugak oinez egiteko gidaliburua kalean dago

Liburu honek izenburutik bertatik iragartzen du aparteko proposamena dakarrela, euskal mendizaleak kitzikatuko dituen erronka zirraragarriaz datorrela: Euskal Herriko mugak, oinez. 66 etapa 7 herrialdeetako perimetrotik. Gure herria irudikatzeko, ibiltzeko eta bertatik bertara ezagutzeko gonbit ausarta da, ia sinesgaitza, baina egingarria. Egileek, Goierriko Mendizale Beteranoek alegia, etapaz etapa, urtez urte, ia nahi barik, osatu dute Euskal Herriko profil hori.

Hortaz, ez da ameskeria. Asmo itzela da, bai, taldean, nork bere neurrian, arnas luzeko proiektu gisa gauzatu beharrekoa. Baina, hasi eta buka itzulia osatu zein aukeratutako etapak besterik ez egin, liburu honek aukera ezin ederragoa ematen digu Euskal Herriko mugetatik mendi ibilbide zoragarriak egiteko eta gure paisaiaren, naturaren eta kulturaren aberastasunaz gozatzeko. Banaka batzuk eginez gero, plan bikainak dira gure kostalde, mendialde eta ibarretan barrena txangoak gauzatzeko. Eta denak eginez gero, Euskal Herria bere osoan korrituko dugu, tipi-tapa.

Orotara 66 etapa dira Bizkaiko Golkoko itsas-bazterrean, Kantabria eta Burgosko mugetako mendietan, Errioxa eta Zaragozako mugetako lautadetan, Huesca eta Biarno ertzeko bortuetan eta Aturriko ibai-hegiko ordokietan. Jakina, perimetroan mendiak ugariak dira. Liburu honek 70 tontorretara igotzea proposatzen du, Euskal Herriko garaiena zein itsas gaineko talaia apalak tartean.

Etapa bakoitza deskribapenaz, mapaz, argazkiz, jakingarri praktikoz eta ibilbidearen trackaz hornituta dator. Baliabide horiek bidelagun, besteak beste, Urdaibaiko padurak zeharkatuko ditugu, Hiru Erregeen Mahaira igoko gara, Ebro ondoko basoen itzalpean ibili, Bardeetako mortuak inguratu eta Zuberoako muino berdeetatik eta mila leku gehiagotatik igaroko gara. Euskal Herria zain dugu.

Liburuko edukiei begirada bat bota nahi izanez gero, lerroon azpian lagin bat utzi dugu. Tartean dira aurkibidea eta itzuli osoko mapa. Gozatu!

Animalien loa, naturarekiko jakin-minaren pizgarri

Zergatik egiten dugu lo animaliok? Eta zertarako? Kontuan izan lo egitea arriskutsua dela animalia basatientzat, kanpoko ingurunearekin lotura galtzen baita lo gaudenean. Mota guztietako lo kuluxkak topatu daitezke animalion erreinuan: burmuin erdia lokartuta egiten direnak, zutik, etzanda, edo uretan murgilduta, hegan edo murtxikatzen den bitartean gertatzen direnak, segundo gutxitako lo-kuluxkak, edo sei hilabetekoak…. Ia animalia espezieak bezainbeste lo egiteko modu daude, eta batzuk benetan dira bitxiak. Jakin nahi duzu nola egiten dute lo animaliek? Has gaitezen bada, eta ez lorik hartu!

Adi Natura bildumako liburu honek, Irati Diez Virtoren testu zoragarriekin eta Maddi Astigarragaren ilustrazio liluragarriekin, umeen interesa piztu nahi du, naturarekiko eta, bereziki, animalia basatiekiko jakin-mina sustatu. Animalia horien eta haien ezaugarri harrigarrien berri izan ahala, irakurleak ere bere burua hobeto ezagutuko du eta, bide batez, ohartuko da noraino garen gizakiok naturaren partaide.

Nahi baduzue kuku bat egin liburuko orrialdeetan barrena, lerro hauen azpian lagin bat laga dugu. Gozatu!