“Andres Espinosa”, libre eta bakarrik ibili zen aitzindariaren komikia

Bi urtean behin, Mendifilm jaialdiak eta Sua Edizioak-ek indarrak batzen dituzte euskal mendizaletasunaren gaineko komikia plazaratzeko. Aurtengoa hirugarrena da eta, zalantzarik gabe, zirrara eragingo du. Andres Espinosa. Bakarrik eta libre komikiak bere bizitza harrigarria islatu du. Aitzindaria izatea zer den erakutsiko digu!

Andres Espinosa Etxebarria (1903-1985) zornotzarrak balentria ikaragarriak egin zituen euskal mendizaletasuna abiatu berritan zegoenean. Euskal Herriko mendiak igo eta gero, atzerrira jo zuen abentura bila, baita aurkitu ere: Urriellu soka barik eskalatu zuen, Mulhacen, Veleta eta Teidera bakarrik igo zuen, Mont Blanc eta Cervino bakarrik eskalatu zituen lehenengoa izan zen, Afrika zeharkatu zuen Kilimanjaroko gailurrera heltzeko, Himalaiaraino joan zen bertako tontorren bila… 1936ko gerrak eten zion bidea, baina artean egindakoa edonor harri eta zur uzteko modukoa da.

Haren bizitza dakarren komikian Ramon Olasagastiri zor zaio testua. Ilustrazioak eta koloreak, berriz, César Llagunoren eta Felipe H. Navarroren eskutik etorri dira. Emaitza, zalantzarik gabe, bikaina da, Espinosak merezi zuen neurriko komiki ederra.

Aurretik beste komiki argitaratuta daude Sua Edizioak eta Mendifilm jaialdia elkarlanean. Lehenengoa, 2018an, Everest. Herri bat gailurrean izan zen. 2020an Iñurrategi anaiak. Mendiari bihotz emanak kaleratu zen. Zaletuek harrera ezin beroagoa eman zieten biei.

“Bizkaia mendiz mendi”, familia mendizaleentzako mahai-jolasa

Hemen da aurtengo sorpresa, mendizaletasuna mahai-jolasen arlora heldu baita Bizkaia Mendiz Mendi jolasarekin. Familian olgetako pentsatuta dago eta, bide batez, ume-umetatik Bizkaiko mendien nondik norakoak ezagutzen hasteko.

Jolasaren helburua ehun mendien lehiaketako Bizkaiko 128 gailurrak igotzea da. Erronka betetzeko, aukera ekonomikoak eta gaitasun fisikoak uztartu behar ditugu. Biak behar bezala erabiltzea ezinbestekoa izango da partida jokatzeko.

Mendien puntuazioa zailtasunaren eta kokapenaren arabera banatu da; hortaz, garrantzitsua da helburuak aukeratzen jakitea, lortutako puntuen baturak ebatziko baitu irabazlea. Lagungarri izango zaizkigu laguntza-kartak, besteak beste deskontuak, aparteko puntuak eta hainbat bitarteko ematen dituztelako.

Natxo Agirrek diseinatutako jolas honek taula zabal bat, fitxak, kartak eta familia- edo lagun-giroan partida kitzikagarria egiteko jakingarriak dakartza. Ondo baino hobeto pasatuko dugu eta, gainera, txikitatik Bizkaiko mendien geografia ikasiko dugu. Bizkaia Mendiz Mendi euskaraz eta gaztelaniaz dator. Ondo pasa!

“Xiberoako xendak”, Zuberoako mendi gida Robert Larrandabururen eskutik

Egunotan heldu da liburu-dendetara Xiberoako xendak. 59 ibilbide. 35 gailur mendi-gida berria. Euskal Herriko herrialderik ttipienak mendi ikusgarriak dauzka bere geografian zehar barreiaturik eta gida honek tontor horietara igotzeko ibilbiderik egokienak bildu ditu.

Pettarra, Arbaila eta Basabürüa aldeko igoerarik kitzikagarrienak aurkituko ditugu liburu honetako orrialdeetan: pagadi zabalez hornitutako Arbailako mendiak, Madalena mitologikoa inguratzen duen mendigunea, Baretouseko ibarretik banatzen duen mendilerroa eta, jakina, Nafarroarekin partekatzen dituen mendi ezaugarriak. Hor azalduko zaizkigu Lakhura, Orhi, Otsogorrigaña…

Egilea Robert Pipas Larrandaburu mendizale ezaguna da. Larraineko seme horrek ibilbiderik politenak aukeratu ditu eta, gainera, Zuberoako kulturako eta historiako hamaika konturen berri eman du, naturaz eta kulturaz batera goza dezagun.

Liburuaren edizio bi plazaratu ditu Sua Edizioak-ek: euskarazkoa, batetik, eta frantsesezkoa bestetik. Zuberoakoaz gain, azken urteotan Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako mendi-gidak berritu eta handitu ditu argitaletxeak. Udazkenean Bizkaiko gida kaleratuko du, hori ere goitik behera berritua eta zabaldua. Zuberoakoa da euskaraz agertu den lehenengoa.