“Fauna gida”, Euskal Herriko natura ezagutzeko ezinbesteko lanabesa

Azal deigarri horren atzean lan mardula dakar Sua Edizioak-eko Guías Natura saileko ale berriak. Euskal Herriko Fauna Gida liburu mamitsua da oso, jakingarriz beteta eta zer pentsatua ematen duena. Harrituko gara gure natura eremuetako animalia sorta zabala ezagutzean, gure paisaiak nola sortu diren jakitean eta espezieen azken hamarkadetako joeren berri jasotzean. Egilea, Iker Elosegi, Euskal Herri osoari begira jarri da gure natura zertan den azaltzeko. Emaitza kitzikagarria da.

Liburu honen xedea gure herrian bizi diren animalia basatiekiko jakin-mina piztea da. Horretarako naturazale jarrera hartzea proposatzen du. Ikusi edo entzun baino gehiago, basapiztiei begiratzea eta aditzea da kontua, non eta nola bizi diren ulertzeko, haiekin partekatzen dugun planeta zati honetako ekosistemetan duten lekua ulertzeko. Orotara, 150etik gora animalia aipatzen baditu ere, liburua ez da espezie-katalogo bat. Animalia horien gaineko jakintza zabaltzera, beste espezie batzuk ezagutzeko gogoa piztera eta bizi garen ingurumena hobeki ulertzeko gakoak ematera dator.

Iker Elosegi (Baiona, 1965), biologia eta agronomia ikasketak egin zituen eta gaur egun Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailea da. LIburuan erakutsi duen bezala, gure herriko bazter guztietako natura ondo baino hobeto ezagutzen du eta etorkizunari begira jarraitu beharreko ildoei buruz ere gogoetak partekatu ditu. Hortaz, Euskal Herriko naturaz janzteko eta hausnartzeko lanabes bikaina da Elosegik ondu duen liburu hau.

Argazki andana bat lagun, liburua Guías Natura sailean argitaratu da. Aurretik bertan dira, euskaraz, Euskal Herriko Zuhaitzen Gida eta Euskal Herriko Hegaztien Gida. Fauna gidako lagin bat utzi dugu lerroon azpian, nahi baduzue ikusi.

“Piripuinak”, Pirinioak txikienekin gozatzeko plana

Etxeko txikienak mendizaletzeko gogoa edukiz gero, hauxe da gure liburua: Piripuinak. Liburuak mota biko testuak uztartu ditu: Pirinioetan girotutako ipuinak eta ipuinetan ageri diren lekuetatik egiteko mendi txangoak. Koktel zoragarria osatzeko, Rakel Garcíaren ilustrazio zoragarriak batu dizkiogu. Itzela!

Bost dira ipuinak, Erronkaribarretik hasi eta Benasquerainoko tartean girotutakoak. Pirinioetako hego isurialdeetako parajeak eta animaliak agertzen dira: Camille hartza, Linzo sarrioa, Tena haraneko igela, Tozaleko labarretako sugandilak eta Carlota marmota. Baina ez dira ipuinak bakarrik. Gainera, eremu horretan egiteko 33 mendi ibilbide bildu ditu María Lombillok, ipuinetako protagonistak eta haien ingurua bertatik bertara ezagutzeko aukera emateko. Oihan, mendi eta belardietatik gora eta behera ibiliko gara, paisaia zoragarriak lagun. Ibilbibide bakoitzak bere bideoa eta tracka ere badakar, galdu gabe ibil gaitezen.

Eta, azkenik, baina ez azkena, Rakel Garcíak prestatu dituen ilustrazio bikainak aipatu behar ditugu, liburu hau begietatik sartuko zaigulako. Nahi baduzu ikusi, lerroon azpian lagin bat jarri dugu. Gozatu!

“Lau elementuen erronka”, Pou anaiak beren gorenean

Gutxitan bezala, liburu honen azalak ezin hobeto islatzen du bere barrualdeko mamia. Hormatzar ezinezkotik gora doaz anaiak, bihotz eta arima ekinean, amildegian dingilizka, helburu helezinaren bila. Horrelakoa da Lau elementuen erronka, Iker eta Eneko Pou eskalatzaileen azken urteotako jarduna bildu duen liburua, goi-mendia eta abentura sinesgaitzak barra-barra, gasteiztar eskalatzaileon bizitzetako ezinbesteko osagaiak dira eta.

Aupa Pou! arrakastatsuan ireki zuten bidetik jarraitu dute bigarren liburu honetan. Ura, sua, airea eta lurra dira lau elementuak eta Pou anaiek eurei lotutako erronkei ekin diete azken urteotan munduko bazter urrunetan: Himalaia, Santo Tomé, Andeetako mendietan… Eskalada gaitzak, ez sinesteko modukoak, natura basati eta, sarritan, kupidagabe baten erdian.

Liburuan ibilera harrigarri horien kontakizuna jaso dute, argazki zoragarrien laguntzaz. Bideoetarako estekak ere tartekatu dituzte, egindakoaren neurria modu are konpletoagoan har dezagun. Emaitza bikaina da, goi-mendiko bizimodua bere horretan islatuta 280 orrialdetan barrena. Eta hori guztia gutxi balitz, eskalada munduko beste anaia ospetsu batzuek, Thomas eta Alexander Huberrek alegia, idatzi dute hitzaurrea.

Nahi baduzue lehenengo begiratua eman, hemen daukazue: