Araban umeekin egiteko ibilbideak

Araban umeekin egiteko moduko 35 ibilbide aukeratu, osatu eta aurkeztu ditu Gorka Lopez mendizale adituak. Herrialdeko eskualde guztietan barrena eramango gaitu, baso, tontor, ibai, arlo eta zelaiz zelai, beti ere zokondo zoragarrien bila. Txango eta igoera hauetan haurrek nahiz helduek hartuko dute gozatua. Hori da Umeekin egiteko ibilbideak. Araba liburuaren gakoa.

Horrelako liburua egiteak erronka handia du: etengabe aldatzen ari den eta eskakizun desberdinetako adinak dituzten umeen eta gazten mendi-beharrak asetzea. Hala ere, adina alde batera utzita, ohiturak eta menditik ibiltzeko abileziak izango dira erabakigarriak txikienek zer ibilbide mota egin ditzaketen argitzeko.

Arabako 35 txango hauek errazenetik zailenera daude antolatuta, eta helduon esku geratzen da asmatzea, denborak, altitudeak eta desnibelak ikusita, zein den aproposena etxeko txikienekin egiteko. Egileak beste faktore batzuk ere kontutan hartu ditu, hala nola, zoru-mota, zoru hori nola dagoen egoera meteorologikoaren arabera (hezetasuna, adibidez), pasabide zorabiagarriak, igoera gogorrak edo bestelako oztopoak…, ibilbiderik egokiena aukeratzeko ezaugarri lagungarriak, alegia.

Hori esanda, dena prest dago, beraz, natura ezagutzeko eta Arabako zenbait kobazulo, baseliza, belardi, aintzira eta gailurrez gozatzeko abenturarako. Ibilbide bakoitzak haurren jakin-mina piztuko duen informazio interesgarria duen laukitxoa darama.

Hiru dira, dagoeneko, umeekin egiteko proposamenak dakartzaten liburuak: Arabakoaz gain, Umeekin egiteko ibilbideak. Gipuzkoa eta, gaztelaniaz, Rutas con niños por Navarra.

“Izarrak eta haitzak”, eskalatzaileen istorio handi eta txikiak

Liburu Egunarekin batera heldu da liburu-dendetara Karlos Aretxabaletaren Izarrak eta haitzak izeneko harribitxi hau. Egileak hogei bat eskalatzaileren bizipenak ekarri dizkigu, maisuki kontatuta. Batzuk ospestsuak dira, mundu osoan ezagunak. Besteak, ostera, ibilbide isilagoa egin dute. Baina denek dute zer kontatua.

Izar eta haitzen arteko bidaia zoragarri honetan oroitzapenak gidari hartuko ditugu Euskal Herriko zein atzerriko mendietan barrena, eskalatzaile andana honen ibileren berri jakiteko. Batzuetan anekdota xume baina esanguratsua izango da; beste batzuetan, garai bateko giroaren lekukotza, edo ibilitako bidearen bizipen erakusgarria. Hasi eta buka gustu handiz irakurtzeko moduko liburua.

Karlos Aretxabaleta, Txapel, eskalatzailea eta idazlea da. Poesia eta narratiba liburu andana argitaratuta dago, besteak beste Hitz Margotuak (EME, 2016) edo Sex-sua (Elkar, 2021). Liburuaren salmenten bidez lortutako irabaziak SOS Himalaya Fundazioari emango dizkio egileak. Liburuko sarrera Juanra Madariagak idatzi du; hitzostea, berriz, Ioritz Gonzalez Lertxundirena da. Azaleko ilustrazioa, azkenik, Eli Azurmendik egin du.

Gipuzkoan umeekin egiteko ibilbide sorta bikaina

Liburu honetan hogeita sei ibilbide aurkituko ditugu. Baina txango sorta eder horrek ezaugarri berezi bat dauka: umeekin egiteko pentsatuta daude. Gipuzkoako eskualde guztietan barrena, edertasun natural handiko edo ondare historiko nabarmeneko lekuetara eramango gaituzte. Beti, haurren gaitasunetara egokitutako desnibelekin eta distantziekin.

Horrela, ibilbide berak bi aldaera eskaintzen ditu: bata laburra, txikienekin gozatzeko, eta bestea luzeagoa, indarrak eta adina lagun dituenak erakartzeko. Ibilbide bakoitzari buruzko informazio gehigarria eskaintzen du liburuak, baita bideoak eta ibilbide bakoitzaren mapa deskargatzeko QR kodeak ere.

Kostaldeko labar eta hondartzetatik Aizkorri eta Aralar aldeko mendietara, eta Udalatxeko magaletatik Jaitzubiako zingiretara, Gipuzkoa osoa ezagutzeko eta bere natura- eta ondare-altxorrak bertatik bertara ikusteko gonbita dakar aldean.

Liburua euskaraz (Umeekin egiteko ibilbideak. Gipuzkoa) eta gaztelaniaz (Rutas en familia por Gipuzkoa) kaleratu da.

Egilea, Iñaki Alcalde, eskarmentu handiko mendizalea da eta, gainera, mendi liburuak eta artikuluak idazten trebatuta dago. Besteak beste, Guía de montes de Gipuzkoa gidaliburu arrakastatsua ondu zuen, Txusma Perez Azacetarekin batera. Dagoeneko, seigarren edizio argitaratu dira.