Suak Asturiaseko 31 ibilbide argitaratu ditu xendazaleentzat

cubierta SEND_AS.indd

Liburu-dendetan dago “31 rutas senderistas por Asturias”, Sonia Romok eta Manuel Blancok elkarlanean osatutako liburua. Asturiaseko geografia xarmagarriko eremu babestuetan barrena xendazaleentzako ibilbide gogoangarriak aukeratu dituzte.

Liburuko orrialdeetan Picos de Europako parke nazionala, Somiedo, Ponga edo Fuentes de Narcea natura-parkeak, Muniellos, Barayo edo Cueva de Caldas bezalako natura-erreserbak eta Río Eo, Oscos y Tierras de Burón biosferako erreserba ageri dira. Horiek gutxi balira, babestutako paisaiak sartu dituzte (10), baita natura-monumentuak ere (6).

Hortaz, liburuak Asturiaseko naturaren ondarearen alerik preziatuenak eskaintzen ditu. Ibilbideok egin nahi dituenak zain ditu ibaiak, haitzarteak, ur-jauziak haitzuloak, meandroak, trokak, itsaslabarrak eta mendi itzelak.

Egileak Manuel Blanco eta Sonia Romo dira. Biek ala biek, ondo baino hobeto ezagutzen dituzte Asturiaseko parajeok. Senderismo por Asturias enpresan dihardute lanean, natura, etnografia eta ondare artistikoa zein industriala ezagutzeko ibilbideak eskaintzen.

“Senderismo” bilduman, ondoko liburu hauek argitaratu ditu Suak orain arte: “57 rutas senderistas por Euskal Herria”, “40 rutas senderistas por las Merindades de Burgos” eta “100 rutas senderistas por Navarra”.

This slideshow requires JavaScript.

Liburu bete elkartasuna Himalayako bizilagunentzat

SOS Himalaya

Sua Edizioak argitaletxeak “SOS Himalaya, relatos solidarios” liburua kaleratu berri du. Hogeita hamar kontakizunez osatuta dator, beste horrenbeste alpinistek goi mendi haietan izandako bizipenez gainezka. Hala ere, liburu honen berezitasuna bere elkartasun gogoari zor zaio: egile guztiek dagozkien eskubideak eman ditutzte Himalayako ibar batean ospitale baten eraikuntza fintzantzatzeko. Argitaletxeak ere bere ekarpena egin du: egile eskubideak ez ezik, liburu honetako etekinak proiektu horretara bideratuko dira.

Liburua Iñaki Ochoa de Olza alpinistaren heriotzaren hamargarren urteurrenean kaleratu da. 2008ko maiatzean hil zen, Annapurnako magaletan. Bera erreskatatzeko ahaleginak elkartasun uholdea piztu zuen nafar mendizalea ezagutzen zutenen artean, baina ez zen nahikoa izan. Orain beste ahalegin bat sortu da, elkartasuna ikur, Iñakiren izena daraman fundazioaren bidez –Fundación Iñaki Ochoa de Olza SOS Himalaya- Nepalen, Makalu 5 ibarrean, ospitalea martxan jartzen laguntzeko.

Liburuaren hitzaurreak Sherpa Pasang, Migma Dorjee Sherpa eta Juan Manuel Sotillosi zor zaizkie. Ondoren, 30 kontakizun, Himalayako argazki itzelekin tartekaturik. Ondoko hauek dira testuen egileak: Koldo Aldaz, Sebastián Alvaro, Josep Manuel Anglada, Xavi Arias, Gregorio Ariz, Josu Bereziartua, Oscar Cadiach, Jordi Corominas, Kike de Pablo, Oscar Gogorza, Alberto Iñurrategi, Kilian Jornet, Chus Lago, Ferrán Latorre, Juanra Madariaga, Nives Meroi, Juanito Oiarzabal, Edurne Pasaban, Carlos Pauner, Jordi Pons, Ramón Portilla, Eneko eta Iker Pou anaiak, Juanjo San Sebastián, Araceli Segarra, Carlos Suarez, Jordi Tosas, Alex Txikon, Felipe Uriarte, Silvia Vidal, Julio Villar eta Mikel Zabalza.

Horien guztien ahaleginaren eta elkartasunaren emaitza da liburu hau. Orain irakurleon txanda da. Gure esku dago ametsa gauzatzea.

 

Aiako Harria eta Jaizkibel mapa batean bildu ditu Suak

MP_AiakoHarria_Jaizkibel

Egunotan kaleratu du Sua argitaletxeak Aiako Harria eta Jaizkibel aldeei dagokien mapa berria. Mapas Pirenaicos bildumaren barruan agertu da. Aiako Harria natura-parkea 6.000 hektareako eremu babestua da, granitozko hiru gailur lerdenen inguruan eratua. Jaizkibel, ordea, itsaslabar eremu luze eta bakartia da, bere horretan iraun duena gaur arte. Horrelako gutxi daude euskal kostaldean.

Kartografia 1:25.000 eskalan atera du Suak eta Miguel Angulo adituari zor zaio. Maparekin batera liburuxka dakar, inguru horietako ibilbide markadun guztien berri emateaz gain hamabost bat igoera eta txango proposatzen duena.

Mapa honen barruan Aiako Harria natura-parkea ageri da, baita hegoalderago dagoen alderdia ere (Artikutzako urtegia, Kopako Harria, Izu mendia…). Eta iparreko alderdian Txingudiko badia bere osoan dakar eta, mendebalderago, Jaizkibelgo eremua, Hondarribitik Pasai Donibaneraino. Leiho txiki batean Pasai San Pedro eta Donostia arteko itsasertza ere ageri da, Ulia mendiaren inguruak alegia.

Mapa dakarren liburuxkan mapan marraztutako ibilbide markadun guztien deskribapen zehatza aurkituko dugu. Mikel Arrizabalaga mendizale adituak jaso ditu eta, gainera, Jaizkibel eta Aiako Harriko lekurik ezaugarrienetan barrena ibiltzeko 15 txango eta igoera proposatu dizkigu. Aukera bikaina, beraz, Euskal Herriko leku zoragarrienetako batzuetan barrena ibiltzeko eta gozatzeko.