Liburu-dendetan dago “31 rutas senderistas por Asturias”, Sonia Romok eta Manuel Blancok elkarlanean osatutako liburua. Asturiaseko geografia xarmagarriko eremu babestuetan barrena xendazaleentzako ibilbide gogoangarriak aukeratu dituzte.
Liburuko orrialdeetan Picos de Europako parke nazionala, Somiedo, Ponga edo Fuentes de Narcea natura-parkeak, Muniellos, Barayo edo Cueva de Caldas bezalako natura-erreserbak eta Río Eo, Oscos y Tierras de Burón biosferako erreserba ageri dira. Horiek gutxi balira, babestutako paisaiak sartu dituzte (10), baita natura-monumentuak ere (6).
Hortaz, liburuak Asturiaseko naturaren ondarearen alerik preziatuenak eskaintzen ditu. Ibilbideok egin nahi dituenak zain ditu ibaiak, haitzarteak, ur-jauziak haitzuloak, meandroak, trokak, itsaslabarrak eta mendi itzelak.
Egileak Manuel Blanco eta Sonia Romo dira. Biek ala biek, ondo baino hobeto ezagutzen dituzte Asturiaseko parajeok. Senderismo por Asturias enpresan dihardute lanean, natura, etnografia eta ondare artistikoa zein industriala ezagutzeko ibilbideak eskaintzen.
“Senderismo” bilduman, ondoko liburu hauek argitaratu ditu Suak orain arte: “57 rutas senderistas por Euskal Herria”, “40 rutas senderistas por las Merindades de Burgos” eta “100 rutas senderistas por Navarra”.