Bilbao Mendi Filmarekin batu dira Sua eta El Mundo de los Pirineos

CARTEL SUA PATRO OFICIAL

Urteurrenen 2017an hasi dute lankidetza ofiziala Bilbao Mendi Film Festivalak eta Sua Edizioak argitaletxeak eta haren El Mundo de los Pirineos aldizkariak. Argitaletxea sortu zutela 30 urte bete dira, aldizkariaren lehen alea duela 20 urte argitaratu zuten, eta duela 10 urte egin zen lehen Mendi Film Festivala Gasteizen. Argitaletxea eta aldizkaria marka erreferenteak dira, urteen indarragatik eta batez ere jorratzen dituzten edukiengatik. Mendifilm, bere aldetik, nazioarte mailan aitortza handia lortu duen jaialdia da.

Euren ildo nagusietan ezaugarri bateragarri asko dituzte: mendia, natura eta kultura zaletasuna, haien dibulgaziorako grina, eta komunikazio euskarrien bidezko jendarteratzea.

Mendi Film Festivalak Bilbon duen egoitzan, Zabalgune plazako udal eraikinean, Base Camp bilgunea prestatuko du 10. edizioko egunetan, abenduaren 8tik 17ra. Sua-ren eta El Mundo de los Pirineos-en urteurrenetako erakusketez batera, “Montañas de Risa” erakusketa jarriko da bertan ikusgai, Norberto Fernandez Serranok egindako komiki liburu arrakastatsuaren binetekin osatua. Suaren hainbat aldizkari eta argitalpenekin liburutegi bat ere sortuko da, irakurketa txoko eta guzti, bertaratzen direnek nahieran gozatu dezaten.

Eta jaialdiko bigarren larunbatean, abenduaren 16an, Sala BBK-n eta 12:00etan hasita, Panel Talk-a egingo da. Sua Edizioak argitaletxearen eta El Mundo de los Pirineosen historiaren errepaso bat egingo dute haien arduradunek, eta ‘Mapas Pirenaicos’ kartografia bilduma digitalizatuaren app-een aurkezpena egingo du Miguel Angulok, kartografiagintzan dagoen egile emankor eta puntakoenetakoa bera. Android eta IOS sistemadun smartphone-etarako 3D irudiak eskaintzen dituzte Face Au Sud enpresak egindako app horiek. Piriniotako kartografian mugarri garrantzitsua da, eta Europan aplikazio berritzailea.

Mapas Pirenaicos bildumako 3D aplikazioak zozketatuko ditu Suak

Bederatzi dira dagoeneko Mapas Pirenaicos bildumako 3Dko aplikazioak. Hemendik jaitsi daitezke smartphonetara (oraingoz Android sistemadunetara baino ez). Hasierako lauei (Monte Perdido-Gavarnie, Maladeta-Aneto, Aigüestortes-San Maurici eta Belagua-Zuriza) beste bost gehitu zaizkie: Bardeetako biak (Bardea Zuria eta Beltza), Aralar, Balaïtous-Vignemale eta Posets-Perdiguero.

Face au Sud enpresak egokitu ditu Miguel Angulok eta Gorka Lopezek atondutako jatorrizko mapak eta 3Dko errekreazio zoragarriak lortu ditu, inguru horietan mendi irteerak egin nahi dituztenentzat lagungarri bikainak. Goiko bideoak ematen du erabilera moduen eta aukeren berri.

Jaso bat doan

Sua Edizioak-ek Mapas Pirenaicos bildumako 3Dko aplikazio multzoa zozketatuko du. Esku hartzeko nahikoa da galdetegia betetzea abenduaren 11 baino lehen. Irabazleak abenduaren 14an jakinaraziko ditu Suak bere sare sozial guztietan.

Galiziako itsasertzaren xarma, “Los mejores paseos por la costa gallega” liburuan

GLCIA COSTA azala 07_MTDOGaliziak itsasertz luzea dauka, amaigabea bezain zoragarria, 1.498 km luze. Hondartza harrigarriak, senaiak, kalak eta itsasadar bihurriak, labar arriskutsuak… Horiek guztiak ageri dira “Los mejores paseos por la costa gallega” liburu berrian. Anxo Rial kazetari eta argazkilariak ondu du eta ondo baino hobeto igartzen da, hala testuei darien jakintza eta pasioan nola irudien ederrean.

Liburu honen asmoa, hain zuzen, kostalde horretako leku hautatu batzuetan barrena ibiltzea da, txango liluragarriak eginaz eta paseo ederrak urratuz itsasoaren hegitik. Itsasalde horretatik zazpi kultura eta jende heldu zen, nork bere lorratza uzteko Galiziako herritarren nortasunean.

Irakurle bidaiazaleak leku menderakaitz zein atseginetara eramango duen liburua dauka eskura, beti ere kresalaren usainean. Hautatutako ibilbideak dira, txangorik ederrenak, azken finean, kostaldea bisitatzeko parada emango diguten bidaia laburrak, lekuan lekuko bazterrak, ohiturak, herritarrak eta gastronomia bertatik bertara ezagutu ahal izateko.

Galicia bildumako bigarren liburua da hau. Aurrekoa Anxo Riali zor zaio ere: “Rutas con leyenda”. Lehenengo edizioa agortuta, bigarrena kaleratu du.

This slideshow requires JavaScript.