“53 rutas por senderos PR” liburuak Bizkaia ezezagunean barrena garamatza

Ekarpen asko dakartza aldean “53 rutas por senderos PR de Bizkaia” liburuak. Ricardo Hernanik egindako lan horrek, ostera, badu oharkabean igaro litekeen bertute aipagarri bat: ibilbideetako asko Bizkaiko geografiaren bazter ezezagunetan murgiltzen dira, haien edertasuna gure esku jarriz.

Nahikoa da liburuko aurkibideari erreparatzea ikusteko mendizaleek gutxitan bisitatzen dituzten eremu asko ageri direla. Horra hor, esate baterako, Zeberio ibarra, edo Arrigorriagako ibilbide biak, edo Alonsotegi eta Sodupe inguruetan dabiltzan ibilbideak… Eta zer esan Otxandio inguruko baso sarrietatik tipi-tapa ibiltzeko proposamen kitzikagarriez edo Ea aldeko kresal usainez mela-mela eginda ibiltzeko planez? Itzelak direla, jakina.

Natur eremu ospetsuetan barrena dabilenean ere, liburuak ibilbide ezohikoak proposatzen ditu, hala nola Gautegiz Arteaga eta Muxikako txangoak Urdaibai aldean, edo Legarmendiko zeharkaldi bikaina Urkiolako parke naturalean.

Ibilbideotan, beraz, Bizkaiaren beste aurpegi bat ezagutuko dugu, gutxitan ageri dena baina sorpresaz eta edertasunaz mukuru beteta. Lerroon azpian, liburuaren ibilbideen aurkibidea utzi dugu, pdf formatuan. Ondo ibili!

Cádizko herriak eta natura, udarako ideia bikaina

00-Cádiz2

Uda honetan eguzkia, itsasoa, mendia, herri xarmagarriak eta inguru naturaletan zeharreko ibilaldiak bilatzen dituenak “Cádiz. Pueblos con encanto y las mejores rutas de senderismo” liburuan aurkituko ditu. David Munilla adituaren eskutik dator eta hemeretzi herri kadiztar bildu ditu, beren edertasunagatik nabarmentzen direnak, baita hogeita hamar bat ibilaldi ere, bere geografia jostarian barrena. Mendiguneak, landazabala eta kostaldea uztartzen dituen liburu honek bere indar bisualaz eta deskribapen iradokitzaileen bidez liluratuko gaitu.

Ez dugu esateagatik esaten. Lerro hauen azpiko estekan aurkibidea utziko dugu, sarrera,  ibilbideetako bat eta aukeratutako herrietako bat: Vejer de la Frontera. Estekan klik egiten duenak egiaztatuko du liburuari buruz esaten duguna, nolanahi ere, labur geratzen dela. Bidaia ona!

CADIZ_sareak2

 

“Rutas singulares con hamaiketako”, mendia hain dago zerutik hurbil!

hamaiketakos_insta

Gustuko zaletasuna eduki ezkero, mendizaletasuna esate baterako, zorionekoak gara. Zaletasun hori bide ondoko gastronomiaren plazer txiki baina paregabeekin neurrian bateratu ezkero, zerutik oso hurbil egongo gara. Hori da “Rutas singulares con hamaiketako” (Sua Edizioak, 2015) liburuak proposatzen diguna. Alberto Muroren testuek eta argazkiek 46 txango deskribatzen dituzte, mendi igoera ederrak guzti-gutiak, eta, gainera, guztietan hamaiketakoa non egin gomendatzen digute, dela aterpetxe, ostatu, benta edo taberna.

Naturaren erdian, beraz, igoera politari ekingo diogu, gailurrera heldu arte. Ondoren, tontorretik behera hasi eta berehala, edo bide erdian, edo beharbada abiapuntuan, zain edukiko ditugu arraultza frijituak eta txorizoa, edo agian ogi-mamiak, odolosteak edo beste edozein “zartagineko”.  Horiek ahoan, konturatuko gara gailurretik jaitsi arren zerutik oso hurbil jarraitzen dugula.

Lerroon azpiko estekan, liburuko proposamenetarik bi utzi dizkizuegu, dastaketa egiteko. Ondo ibili eta on egin!

hamaiketakos