“Rutas singulares con hamaiketako”, mendia hain dago zerutik hurbil!

hamaiketakos_insta

Gustuko zaletasuna eduki ezkero, mendizaletasuna esate baterako, zorionekoak gara. Zaletasun hori bide ondoko gastronomiaren plazer txiki baina paregabeekin neurrian bateratu ezkero, zerutik oso hurbil egongo gara. Hori da “Rutas singulares con hamaiketako” (Sua Edizioak, 2015) liburuak proposatzen diguna. Alberto Muroren testuek eta argazkiek 46 txango deskribatzen dituzte, mendi igoera ederrak guzti-gutiak, eta, gainera, guztietan hamaiketakoa non egin gomendatzen digute, dela aterpetxe, ostatu, benta edo taberna.

Naturaren erdian, beraz, igoera politari ekingo diogu, gailurrera heldu arte. Ondoren, tontorretik behera hasi eta berehala, edo bide erdian, edo beharbada abiapuntuan, zain edukiko ditugu arraultza frijituak eta txorizoa, edo agian ogi-mamiak, odolosteak edo beste edozein “zartagineko”.  Horiek ahoan, konturatuko gara gailurretik jaitsi arren zerutik oso hurbil jarraitzen dugula.

Lerroon azpiko estekan, liburuko proposamenetarik bi utzi dizkizuegu, dastaketa egiteko. Ondo ibili eta on egin!

hamaiketakos

 

 

 

“Rutas singulares con hamaiketako”, a ze plana!

Cubierta.indd

Zer hobeagorik goiza naturaren erdian gozatzen ematea baino? Goiza naturaren erdian gozatzen eman ondoren lagun arteko hamaiketako bikainaz burutzea. Hori da Sua Edizioak argitaletxearen liburu berriak, “Rutas singulares con hamaiketako” izenekoak, proposatzen digun plan itzela. Orotara 46 txango dira, zein baino zein ederragoa, eta guztietan hamaiketakoa non egin gomendatzen digu, dela aterpetxe, ostatu, benta edo taberna.

Egileak, Alberto Murok alegia, hamarna txango proposatu digu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta sei gehiago Ipar Euskal Herrian. Ibilbide horietan gailur klasiko batzuen inguruan ibiliko gara, baina gehienetan jende gutxi ibiltzen den eremu zoragarrietara eramango gaitu. Hamaiketakoak egiteko ere mendizaleen artean ospe handiko lokalak ez ezik (Juan Pitoren benta, Urbiako fonda, Pagasarriko aterpetxea…) otordu gozoa egiteko aterpetxe eta ostatu bikainak proposatzen dizkigu.

hamaiketakos.indd

Txango bakoitzak ibilbidearen deskribapen zehatza, ostatuaren gaineko informazioa, mapa, fitxa teknikoa eta argazkiak dakartza.

Alberto Muro argazkilaria, gidaria, kazetaria eta, batez ere, Euskal Herria goitik behera ezagutzen duen mendizalea da. Sarritan egin du lan Suarekin.

hamaiketakos.indd