Zer hobeagorik goiza naturaren erdian gozatzen ematea baino? Goiza naturaren erdian gozatzen eman ondoren lagun arteko hamaiketako bikainaz burutzea. Hori da Sua Edizioak argitaletxearen liburu berriak, “Rutas singulares con hamaiketako” izenekoak, proposatzen digun plan itzela. Orotara 46 txango dira, zein baino zein ederragoa, eta guztietan hamaiketakoa non egin gomendatzen digu, dela aterpetxe, ostatu, benta edo taberna.
Egileak, Alberto Murok alegia, hamarna txango proposatu digu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta sei gehiago Ipar Euskal Herrian. Ibilbide horietan gailur klasiko batzuen inguruan ibiliko gara, baina gehienetan jende gutxi ibiltzen den eremu zoragarrietara eramango gaitu. Hamaiketakoak egiteko ere mendizaleen artean ospe handiko lokalak ez ezik (Juan Pitoren benta, Urbiako fonda, Pagasarriko aterpetxea…) otordu gozoa egiteko aterpetxe eta ostatu bikainak proposatzen dizkigu.
Txango bakoitzak ibilbidearen deskribapen zehatza, ostatuaren gaineko informazioa, mapa, fitxa teknikoa eta argazkiak dakartza.
Alberto Muro argazkilaria, gidaria, kazetaria eta, batez ere, Euskal Herria goitik behera ezagutzen duen mendizalea da. Sarritan egin du lan Suarekin.