Mendi ibilbideak, zuhaitz apartekoen bila

EH27_ARBOLES_mtdoMendi ibilbideak, zuhaitzak aurkitzeko. Hori da “Rutas para descubrir árboles monumentales” liburuak proposatzen digun plana. Euskal Herria Liburuak bildumako ale berria Jonathan Rubines eta Marta Villotak idatzi dute. Lagundu egiguzu, plazer baduzu, herriko izaki bizidun zaharrenak ezagutzera!

Liburuak 35 ibilbide bildu ditu, Euskal Herrian barrena. Urratsak eman ahala, zuhaitz menderakaitzak, baso sarriak, oihan joriak eta garapenak suntsitu duen paisaiaren azken gotorlekuak agertuko zaizkigu begien aurrean. Eta, batez ere, ale paregabeak ikusiko ditugu, parerik gabeak zaharrenak, ederrenak, garaienak edo, are, sakratuak direlako.

EH27_ARBOLES_174-175

Pagoak aurkituko ditugu, hala tantaiak nola motzak, Holtzarteko pagadi zabaletakoak, adibidez, edo Albertiakoak, guda-zelaiaren gainean hazitakoak. Haritzak ere badira, Lizarragakoak kasu, gaztainondoak Apinaiz edo Karrantzan, haginak, lizarrak, arteak, ametzak, madariondoak, artelatzak, azkarrak, hurritzak…

Eta, batez ere, zuhaitz apartekoak ditugu zain, Mendazako Hiru Hanka Artea esate baterako, edo Etxagueko haritza, Artzentaleseko Kontzejuko zuhaitza eta, zelan ez, Gernikako Arbola.

Txango bakoitzarekin dagokion ibilbidearen eta agertuko zaizkigun zuhaitz espezieen ezaugarrien deskribapen zehatza aurkituko dugu. Eta, horrez gain, mapa, jakingarriak eta argazkiak.

Egileek ondo baino hobeto ezagutzen dute gure landare paisaia. Marta Villota Gálvezek mendi ingeniaritza doktoregoa dauka eta paisaietan aditua da. Bere doktorego-tesia Arabako zuhaitz apartekoei eskaini zion. Bere aldetik, Jonathan Rubines biologoa da eta natur eremu babestuen kudeatzaile gisa egiten du lan. Bilduma honetan bertan “Guía de huellas, señales y rastros de animales” argitaratu du, eta Natura bilduman, berriz, “Guía de mamíferos de Euskal Herria”.

Liburu bete elkartasuna Himalayako bizilagunentzat

SOS Himalaya

Sua Edizioak argitaletxeak “SOS Himalaya, relatos solidarios” liburua kaleratu berri du. Hogeita hamar kontakizunez osatuta dator, beste horrenbeste alpinistek goi mendi haietan izandako bizipenez gainezka. Hala ere, liburu honen berezitasuna bere elkartasun gogoari zor zaio: egile guztiek dagozkien eskubideak eman ditutzte Himalayako ibar batean ospitale baten eraikuntza fintzantzatzeko. Argitaletxeak ere bere ekarpena egin du: egile eskubideak ez ezik, liburu honetako etekinak proiektu horretara bideratuko dira.

Liburua Iñaki Ochoa de Olza alpinistaren heriotzaren hamargarren urteurrenean kaleratu da. 2008ko maiatzean hil zen, Annapurnako magaletan. Bera erreskatatzeko ahaleginak elkartasun uholdea piztu zuen nafar mendizalea ezagutzen zutenen artean, baina ez zen nahikoa izan. Orain beste ahalegin bat sortu da, elkartasuna ikur, Iñakiren izena daraman fundazioaren bidez –Fundación Iñaki Ochoa de Olza SOS Himalaya- Nepalen, Makalu 5 ibarrean, ospitalea martxan jartzen laguntzeko.

Liburuaren hitzaurreak Sherpa Pasang, Migma Dorjee Sherpa eta Juan Manuel Sotillosi zor zaizkie. Ondoren, 30 kontakizun, Himalayako argazki itzelekin tartekaturik. Ondoko hauek dira testuen egileak: Koldo Aldaz, Sebastián Alvaro, Josep Manuel Anglada, Xavi Arias, Gregorio Ariz, Josu Bereziartua, Oscar Cadiach, Jordi Corominas, Kike de Pablo, Oscar Gogorza, Alberto Iñurrategi, Kilian Jornet, Chus Lago, Ferrán Latorre, Juanra Madariaga, Nives Meroi, Juanito Oiarzabal, Edurne Pasaban, Carlos Pauner, Jordi Pons, Ramón Portilla, Eneko eta Iker Pou anaiak, Juanjo San Sebastián, Araceli Segarra, Carlos Suarez, Jordi Tosas, Alex Txikon, Felipe Uriarte, Silvia Vidal, Julio Villar eta Mikel Zabalza.

Horien guztien ahaleginaren eta elkartasunaren emaitza da liburu hau. Orain irakurleon txanda da. Gure esku dago ametsa gauzatzea.

 

Aiako Harria eta Jaizkibel mapa batean bildu ditu Suak

MP_AiakoHarria_Jaizkibel

Egunotan kaleratu du Sua argitaletxeak Aiako Harria eta Jaizkibel aldeei dagokien mapa berria. Mapas Pirenaicos bildumaren barruan agertu da. Aiako Harria natura-parkea 6.000 hektareako eremu babestua da, granitozko hiru gailur lerdenen inguruan eratua. Jaizkibel, ordea, itsaslabar eremu luze eta bakartia da, bere horretan iraun duena gaur arte. Horrelako gutxi daude euskal kostaldean.

Kartografia 1:25.000 eskalan atera du Suak eta Miguel Angulo adituari zor zaio. Maparekin batera liburuxka dakar, inguru horietako ibilbide markadun guztien berri emateaz gain hamabost bat igoera eta txango proposatzen duena.

Mapa honen barruan Aiako Harria natura-parkea ageri da, baita hegoalderago dagoen alderdia ere (Artikutzako urtegia, Kopako Harria, Izu mendia…). Eta iparreko alderdian Txingudiko badia bere osoan dakar eta, mendebalderago, Jaizkibelgo eremua, Hondarribitik Pasai Donibaneraino. Leiho txiki batean Pasai San Pedro eta Donostia arteko itsasertza ere ageri da, Ulia mendiaren inguruak alegia.

Mapa dakarren liburuxkan mapan marraztutako ibilbide markadun guztien deskribapen zehatza aurkituko dugu. Mikel Arrizabalaga mendizale adituak jaso ditu eta, gainera, Jaizkibel eta Aiako Harriko lekurik ezaugarrienetan barrena ibiltzeko 15 txango eta igoera proposatu dizkigu. Aukera bikaina, beraz, Euskal Herriko leku zoragarrienetako batzuetan barrena ibiltzeko eta gozatzeko.