“Parque natural de Aizkorri-Aratz”, natura-eremu paregaberako gidaliburua

Euskal Herria bildumako liburu berriak, “Parque natural de Aizkorri-Aratz” izenekoak alegia, 20.000 hektarea zabal den eremu paregabean murgildu nahi gaitu. Izan ere, Aizkorri-Aratzeko parke naturala sei mendilerroz eta zazpi paisaia ederrez osatuta dago: Aketegi eta Andartoren gisako tontor lerdenen itzalpean Urbia edo Degurixa bezalako larre karstikoak babesten dira; Altzaniako mendietan pagadi amaigabeak zabaltzen dira, hegoaldeko isurialdean Lezekoa bezalako arroilak ageri diren bitartean. Gaztelu bihurtutako gailurrak ere ez dira falta, Marutegi edo Atxorrotx kasu, eta lurpeko unibertsoak Arrikrutz gisako harribitxi joriak erakutsi dizkigu. Ezin ahaztu, gainera, badela Aitzulo, Arantzazu edo San Adrian bezalako leku sorgindurik ere.

Jon Iraola mendizaleak Aizkorri-Aratzeko parke naturalean barrena egiteko 30 ibilbide bildu ditu liburu honetan. Hara eta hona ibiliko gara, gailurren bila, oihan zabaletan zehar eta erreka jauzkarien albotik, beti leku ederren bila. Alegia, natura-eremu paregabea bertatik bertara ezagutuko dugu.

“Guía de los montes de Navarra”, Nafarroako mendi guztiak liburu batean

Nafarroako mendien biblia esaten diote, eta badute horretarako arrazoi sendorik. “Guía de los montes de Navarra” (Sua Edizioak, 2019) liburu mamitsuaren laugarren edizioak 231 igoera eta 522 gailur bildu ditu bere orrialdeetan. Kopuru ikaragarria, egileak, Juan Mari Feliu mendizale adituak alegia, bere gain hartu duen lanaren neurria ematen diguna. Aurreko edizioa ikuskatu, zuzendu eta handitu zuen eta horretarako liburuan ageri diren tontor guztietara igo zen.

Nafarroak, bere zabalean, mota guztietako mendiak eskaintzen ditu, hasi Hiru Erregeen Mahai sabai subalpetarretik eta buka Bardeetako muino bakartietan, Higa edo Beriain gisako mendi lerdenak, Orhi bezalako mitoak eta isurialde atlantikoa zimurtzen duten mendilerro apalak ahantzi gabe. Igoera batzuk goizpasa atseginean geldituko dira; beste batzuk, berriz, egun osoa eta ahalegin handia eskatuko digute.

Guzti-guztiak, tartean direla Euskal Herriko Mendien Katalogoko Nafarroako 215 gailurrak, liburu honetan ageri dira, nola igo egoki azalduta. Aldean mapa txiki bat eta, sarritan, argazkia edukiko dute. Lerroon azpiko estekan mendi guztien zerrenda eta Baztan aldeko igoera sorta bat utzi dizuegu. Ondo ibili!

“Cumbres anejas”, hurrengo urratsa non eman

Euskal Herria bildumako “Cumbres anejas” liburuak aukera sorta zabaltzea du helburu. Euskal Herritik hurrean dauden mendi ederrak aukeratu eta jorratu dituzte Javi Urrutia eta Rafa Bartolomé mendizale adituek. Gailur harro, bitxi eta erakargarriak dira, Kantabria, Burgos, Errioxa, Soria, Huesca eta Bearno eskualdeetako mugazain prestuak. Han daude, guk harainoko urratsa noiz emango.

Tentagarria da liburu hau mendizalearentzat. Bertan aurkituko ditu Castro Valnera bezalako klasikoak, Kantabria eta Burgos arteko mugan, Zalama zelatatzen; edo Burgosko Tobalina ibarraren buru dagoen Umión lerdena, eta Ebro gainean erraldoi ageri den Moncayo harroa, euskalduntzat jo ohi dugun Auñamendi mitikoa… Orotara 57 mendi igoera proposatu dituzte eta lerroon azpian utzi dugun estekan sakatuta gailur horien zerrenda osoa deskarga daiteke. Aurkibidearekin batera, ibilbide bi paratu ditugu, tentazioan sartu nahi duzuenentzat. Ondo ibili!