
Nafarroako mendien biblia esaten diote, eta badute horretarako arrazoi sendorik. “Guía de los montes de Navarra” (Sua Edizioak, 2019) liburu mamitsuaren laugarren edizioak 231 igoera eta 522 gailur bildu ditu bere orrialdeetan. Kopuru ikaragarria, egileak, Juan Mari Feliu mendizale adituak alegia, bere gain hartu duen lanaren neurria ematen diguna. Aurreko edizioa ikuskatu, zuzendu eta handitu zuen eta horretarako liburuan ageri diren tontor guztietara igo zen.
Nafarroak, bere zabalean, mota guztietako mendiak eskaintzen ditu, hasi Hiru Erregeen Mahai sabai subalpetarretik eta buka Bardeetako muino bakartietan, Higa edo Beriain gisako mendi lerdenak, Orhi bezalako mitoak eta isurialde atlantikoa zimurtzen duten mendilerro apalak ahantzi gabe. Igoera batzuk goizpasa atseginean geldituko dira; beste batzuk, berriz, egun osoa eta ahalegin handia eskatuko digute.
Guzti-guztiak, tartean direla Euskal Herriko Mendien Katalogoko Nafarroako 215 gailurrak, liburu honetan ageri dira, nola igo egoki azalduta. Aldean mapa txiki bat eta, sarritan, argazkia edukiko dute. Lerroon azpiko estekan mendi guztien zerrenda eta Baztan aldeko igoera sorta bat utzi dizuegu. Ondo ibili!