Iparraldeko herri xarmagarrien zerrenda

Oraintsu argitaratu da Pueblos con encanto de Iparralde liburua. Bertan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hogeita lau herri eder ageri dira. Baina zeintzuk dira?

Egia esateko, eginkizun gaitza da Ipar Euskal Herriko hogeita lau herri eder aukeratzera, hautagaiak askotaz gehiago izan litezke eta. Liburu honetan egileek, Mar Ramirez bidaia- eta natura-adituak eta Juan Carlos Muñoz itzal handiko argazkilariak, orekaren aldeko apustua egin dute, itsasertzaren eta barnealdearen artean erabakitzeko orduan, herri handiago eta ttipiagoen artean, menditarren eta ordekakoen artean.

Emaitza zinez ikusgarria da eta, zalantzarik gabe, liluratuko gaitu. Dastatu nahi duenak lerroon azpian dauzka aurkibidea (aukeratutako herrien zerrendarekin) eta liburuko orrialde batzuk. Ondo ibili!

“Rutas montañeras desde las capitales”, hiriburuetatik mendira

Liburu honek ezohiko planak dakartza aldean: hiriburu handienak abiapuntutzat hartuta, tontor, talaia eta balio handiko natur eremuen bila joatea. Rutas montañeras desde las capitales, Euskal Herria bildumako titulu berria, ideia horrekin dator, alegia, euskal herritar gehienak bizi diren hirigune nagusi horiek ere badirela igoera eta txango ederrei ekiteko leku egoki-egokiak.

Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Bilbo mendiz inguratuta daude eta, gizakion presioak zeharo itxuraldatu baditu ere, eutsi egin diete bere balio natural gehienei eta horri esker aisialdi gune estimatuak bilakatu dira. Liburu honek hogeita lau ibilbide aukeratu ditu hiri handietako bihotzetatik abiatuta mendi gailur ederretara (Pagasarri, Arrieta, Arratzain, Ezkaba Txiki…), talaia ikusgarrietara (Igeldo, Artxanda, Olarizu, Oihana…), eta gure historiaren lekukoetara (Irulegiko gaztelua, Burdinazko Hesia, Eskibelgo dorrea, Txoritokietako gotorlekua…) heltzeko.

Egilea Txusma Perez Azaceta mendizale aditua da. Mendi-liburu asko argitaratuta dago, tartean bilduma honetan bertan agertu diren Las otras cumbres de la montaña vasca eta Rutas circulares fáciles, besteak beste.

Liburuak, gainera, Antxon Iturriza Aizpelen artikulu bat dakar hiriburuek euskal mendizaletasunarekin eduki duten harreman historikoaren gainean. Sarrerako testua Jesus Alquezar mendizaleari zor zaio.

“Pueblos de Iparralde”, Ipar Euskal Herriaren xarma

Ipar Euskal Herriko herriei xarma darie. Eta Pueblos con encanto de Iparralde liburuarekin xarma horren bila abiatu gara. Hasi erresuma ere izan zen Nafarroa Beherean eta kresalezko haizeak astintzen duen Lapurdira eta gure herrialderik ttipiena den Zuberoara helduko gara. Beti herri liluragarrien xerka. Beti edertasuna bidaide.

Eta biderik bide ibiliko gara hara eta hona, kontrabandisten urratsen atzetik batzuetan, erromesen zango nekatuen gibeletik bestetan, naturaren erdian beti. Orotara 24 ibilbide dakartza liburuak, herri ederren aldirietan naturaz gozatzeko. Eta, gainera, Zuberoako hiru zeinutegiko elizei bisita egingo diegu. Munduan parerik ez daukan arkitekturaren harribitxi hori ere zain baitugu.

Ipar Euskal Herrian barrena aise ibiliko gara Mar Ramírezen testu bizien eta Juan Carlos Muñozen argazki ederren bidez. Ez dago galtzerik!