“50 rutas senderistas por Iparralde”, guztiok egiteko moduko ibilbide sorta paregabea

Bizitzak aldean dakartzan plazeretako bat Euskal Herriaren geografian barrena lasai ibiltzea da, urratsez urrats, tipi-tapa, inguruko edertasunez horditu arte. Inguru hori Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako paisaiak badira, txangoak merezi du, zalantzarik ez. Horrela erakutsi du Gorka Lopez mendizale adituak 50 rutas senderistas por Iparralde liburu berrian. Berria eta bikaina, Ipar Euskal Herriko lekurik ederrenetan barrena eroso ibiltzeko mota guztietako ibilbideak proposatzen dizkigu eta.

Gorka Lopezek berak liburuko sarreran nabarmendu duen bezala, Ipar Euskal Herriak hamaika paisaia eder biltzen ditu bere baitan. Goizean bortuetako tontor elurtuetara
igo gaitezke, eguerdian oihan zoragarrian mokadua jan, eta garaiz ibiliko gara ilunabarraz itsasertzean gozatzeko.

Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoara jotzen badugu libur hau gidari hartuta, gailur, oihan, landa, arroila, ibar eta itsaslabarretan barrena ibiliko gara: Ehujarre, Ardanabi, Intzola, Harpea, Holtzarte, Pagaburu, Larla… Beti patar edo malda handirik gabe eta goiz batean egiteko moduan. Alegia, gu guztiok egiteko moduko ibilbide ederrak.

Adi Natura bilduma berria abian jarri du Suak bere 35. urteurrenean

Aurton 35 urte beteko ditu Sua Edizioak argitaletxeak. Bide luzea, polita eta oparoa izan da baina oraingo honetan atzera barik aurrera begiratu nahi dugu. Izan ere, gure motxilak tontor eta montor beterik daude, baina, zabaltzen baditugu, oroitzapenak adina proiektu eta asmo berri aurkituko ditugu. Eta gaur horietako batzuk aurkeztu nahi dizkizuegu, gaztetxoei begirako sail berri bat ireki baitugu, Adi bilduma, eta hiru liburu kitzikagarrirekin dator.

Adi bildumaren filosofia natura eta gaztetxoen arteko harremana erraztea da. Alegia, gure inguru hurbila ezagutzera ematea eta harekiko interesa eta jakin-mina piztea. Helburu horrekin jaio da, esate baterako, Basoko sekretuak, gazte naturalisten koadernoa. Koadernoak landare eta animalia espezieak ezagutzeko gakoak eskainiko dizkie gaztetxoei, haien arrastoak non eta nola aurkitu, haien ohituren eta bizitokien berri eman. Horrez gain, badakartza naturan esperimentuak eta jarduerak egiteko irizpideak.Hona hemen aurrerapen txiki bat:

Ipuinak ere bide egokia izan daitezke txikienak naturarekiko harremanetan sartzeko. Horretara datoz Narrasean eta Nork hil du trikua? liburuak. Lehenengoak (3-6 urte) etxe inguruko animaliak ezagutzera ematea du helburu. Bigarrenak, berriz, (8-10 urte) trikuaren heriotza argitu nahi du, nobela beltza balitz bezala. Auto batek harrapatuta hil da? Beste animalia batek eraso egin ote dio? Isilpeko ehiztariren batek akaso?

Eta hau guztiau gutxi balitz, Piricuentos. Cuentos y rutas montañeras con niños liburua atera du Sua Edizioak-ek. Bertan Pirinioetan umeekin egiteko moduko ibilbide andana dakar eta, horiei atxikita, paraje horietan bertan girotutako ipuin ederrak, ilustrazio zoragarriekin. Liburu paregabea.

“Parque natural de Armañón y Karrantza”, mendebaldeko harribitxi ezezagunak

Euskal Herria bildumako liburu berriko azal ikusgarriak ozen dio ezin dugula ezetzik eman. Parque natural de Armañón y Karrantza liburuak gure parke naturalik ezezagunera eta inguruetako mendietara joateko gonbitea dakar, eta, esan legez, ezingo diogu muzin egin. Are gutxiago, gonbidapena Mar Ramírez gidari eta komunikatzaile adituaren eta Juan Carlos Muñoz argazkilari bikainaren eskutik datorrela ikustean.

Egileok hogeita bi ibilbide eta mendi-igoera aukeratu dituzte eremu horretako zokondorik ederrenetako batzuk gure esku jartzeko. Karrantza eta Turtzioz artean zabaltzen den parke naturalaren esparruan, Raneroko haitzetako karst ikusgarritik (Pozalaguako kobazulo ezaguna haren bihotzean gorderik dago) Los Jorrios mendiko tontor zuriraino altxor ugari ditugu zain, halanola, Sopeñako artadia edo Remendongo hariztia, Bizkaiko hariztirik zabalena.

Gainerako ibilbideak Karrantzan barrena murgilduko dira pagadi, ur-jauzi, haitz segail eta itzal handiko gailurretarako bidean. Besteak beste, Zalama mendira (1.343 m) eramango gaituzte, alegia, Enkarterri eskualdeko tontorrik garaienera.

Mendia, natura, historia eta aisialdia bat eginda daude Armañon eta Karrantzan Euskal Herriko mendebaldeko muturrerako bisita ezinbestekoa izan dadin. Ondo ibili!