“Rutas circulares por espacios protegidos”, gure natura eremuetako ibilbiderik onenak

Euskal Herriko naturaren zokondorik ederrenak lege-babesaz hornitutako barrutietan txertatuta daude. Horrela izaten da gehienetan, behinik behin. Horregatik, Begoña Fernandez eta Paulo Etxeberriaren Rutas circulares por espacios protegidos liburuak gure herriko bazterrik zoragarrienetan barrena egiteko ibilbide ezin kitzikagarriagoak dakartza.

Liburuko orrialdeetan euskal mendigune nagusiak agertuko zaizkigu, tontor harroenak gure zain dituztela. Oihan trinkoek eta basorik zabalenek ere zirikatuko gaituzte, haien itzalpean gozo-gozo ibiltzera joango ote garen. Eta han dira ibaiak, padurak, ur-jauziak, meatze zaharrak… Euskal Herri osoko altxorrak ezagutzeko gonbit tentagarria egin digu liburuak.

Jakin nahi izanez gero liburuaren edukia zertan den, lerroon azpiko loturan pdfa eskuragarri dago. Hor azaltzen da aurkibidea, liburuko sarrera eta Gorobel mendietako ibilbidea, esaten dugunaren erakusgarri. Ondo ibili!

Zeintzuk dira Euskal Herriko mendirik ederrenak?

Roge Blasco kazetari ezagunak Txusma Perez Azacetari egin dio elkarrizketa Ascensiones a las montañas más bellas liburu berria hizpide hartuta. Goiko bideoan ikus dezakegu. Solasaldirako aukeratu duten parajea ezin egokiagoa da, tontor ederrak dituela ezker-eskuin: Mugarra, Alluitz, Untzillatx, Anboto… Horiek Txusma Perez Azacetaren zerrendan ageri dira. Eta zurean?

Segurutik, nork bere zerrenda egingo luke. Gailur batzuk aukeraketa gehientsuenetan agertuko dira; beste batzuk, berriz, banaka batzuenetan baino ez. Azken finean, kontua ez da liburukoak ote diren Euskal Herriko mendirik ederrenak ebaztea, Txusmak aukeratu dituen guztiak mendi eder-ederrak direla baizik. Eta diogunaren erakusgarri, lerroon azpian liburuko aurkibidea paratu dugu, mendi zerrenda osoarekin. Tartean ote dira zure kutunak?

Araban umeekin egiteko ibilbideak

Araban umeekin egiteko moduko 35 ibilbide aukeratu, osatu eta aurkeztu ditu Gorka Lopez mendizale adituak. Herrialdeko eskualde guztietan barrena eramango gaitu, baso, tontor, ibai, arlo eta zelaiz zelai, beti ere zokondo zoragarrien bila. Txango eta igoera hauetan haurrek nahiz helduek hartuko dute gozatua. Hori da Umeekin egiteko ibilbideak. Araba liburuaren gakoa.

Horrelako liburua egiteak erronka handia du: etengabe aldatzen ari den eta eskakizun desberdinetako adinak dituzten umeen eta gazten mendi-beharrak asetzea. Hala ere, adina alde batera utzita, ohiturak eta menditik ibiltzeko abileziak izango dira erabakigarriak txikienek zer ibilbide mota egin ditzaketen argitzeko.

Arabako 35 txango hauek errazenetik zailenera daude antolatuta, eta helduon esku geratzen da asmatzea, denborak, altitudeak eta desnibelak ikusita, zein den aproposena etxeko txikienekin egiteko. Egileak beste faktore batzuk ere kontutan hartu ditu, hala nola, zoru-mota, zoru hori nola dagoen egoera meteorologikoaren arabera (hezetasuna, adibidez), pasabide zorabiagarriak, igoera gogorrak edo bestelako oztopoak…, ibilbiderik egokiena aukeratzeko ezaugarri lagungarriak, alegia.

Hori esanda, dena prest dago, beraz, natura ezagutzeko eta Arabako zenbait kobazulo, baseliza, belardi, aintzira eta gailurrez gozatzeko abenturarako. Ibilbide bakoitzak haurren jakin-mina piztuko duen informazio interesgarria duen laukitxoa darama.

Hiru dira, dagoeneko, umeekin egiteko proposamenak dakartzaten liburuak: Arabakoaz gain, Umeekin egiteko ibilbideak. Gipuzkoa eta, gaztelaniaz, Rutas con niños por Navarra.