“Rutas por calzadas”, bide zahar zoragarri horiek

EH21_calzadasazalalbotikGure herria alderdi guztietatik begiratuta agertzeko eta, bereziki, gutxien ezagutzen ditugun ondare atalak agerian jartzeko borondateari eusten, Euskal Herria Liburuak bildumako maiatzeko aleak txango eta mendi-igoera sorta berritzailea dakar aldean. Liburua “Rutas por calzadas y caminos históricos” da, Santi Yaniz adituak eginda, eta oraindik ere, zatika izan arren, badiren bide zahar eta galtzadak jarri ditu protagonista.

Liburuan 28 galtzada bildu ditu egileak Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Araban. Erromatar arokoak batzuk, Erdi Arokoak besteak, Aro Modernokoak berrienak. Horietan barrena 30etik gora ibilbide proposatu ditu Yanizek, kasu batzuetan galtzada beraren zati desberdinak ezagutu ahal izateko.

Horrela, behialako bideetatik igoko ditugu mendiak, harlauza higatuak zapalduz zeharkatuko ditugu haitzarteak eta zabaletatik tipi-tapa ibiliko gara. Edertasun handiko eta kultur balio ikaragarriko parajetan barrena eramango gaituzte eta, batez ere, Euskal Herriko leku “berriak” ezagutuko ditugu edo, lehenago egonda bagaude, beste begi batzuekin ikusiko ditugu.

Santi Yaniz Euskal Herria goitik behera ibilita dago eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu hango eta hemengo bazterrak. Argazkilaria eta kazetaria, zazpi liburu argitaratu du Suarekin, tartean Euskal Herria Liburuak bildumako batzuk. Denei harrera beroa egin diete mendizaleek. “Rutas por calzadas” honetan bidarri zahar horiek banan-bana deskribatu ditu eta, jarraian, ibilbidea proposatu. Txango bakoitzak aldean dakartza fitxa teknikoa, mapa eta, jakina, Yanizen argazki zoragarriak. Euskal Herria Liburuak bilduman lehenengoz, dronetatik ateratako argazki zenitalak ageri dira liburu honetan.

This slideshow requires JavaScript.

 

Hona hemen “Las otras cumbres” liburuko gailur ahaztuen zerrenda

Las otras cumbresazala

Harrera beroa egin diote mendizaleek Euskal Herria Liburuak bildumako liburu berrienari, Las otras cumbres izenekoari alegia. Eta harrera beroa baieztatzeko nahikoa da ikustea hedabideetan lortu duen oihartzuna eta liburudendetan piztu duen jakin-mina. Elkarrek asteon atera duen liburu salduenen zerrendan hirugarren lekuan ageri da gaztelaniazko ez-fizkioa sailean.

Liburua Txusma Perez Azaceta mendizaleak idatzi du. Orotara 134 mendi tontor bildu ditu, mendizale gehienek urratzen dituzten bideetatik aparte gelditu ohi direnak. Bakartiak izan arren, ez dira ezdeusak: badaukate interesik, hala ondare naturala nola paisaia ikusgarriak, historia joria edo kultur arloko ale estimagarriak.

Esaten dugunaren erakusgarri, “Las otras cumbres” liburuak dakartzan 60 igoeren zerrenda jarri dugu lerroon azpian. Sakatu irudiaren gainean txangoen aurkibidea handitzeko. Xehetasun handiz deskribatuta eta argazki zein mapez egoki hornituta aurkeztu ditu. Euskal Herri osoan barrena ibiltzeko aukera ematen digute, mota guztietako txango, paisaia eta gailurrak ikusteko eta gozatzeko. Ondo ibili!

“Las otras cumbres”, euskal mendi eder ezezagun horiek

Las otras cumbresazala

Liburudendetan da, dagoeneko, “Las otras cumbres de la montaña vasca”, Euskal Herria Liburuak bildumako ale berria. Jakinmin handia piztu du plazaratu aurretik ere, erronka gaitza jarri zuelako helburu: interes handiko eta bisitari gutxiko 134 gailurretarako igoerak biltzea. Halaxe egin du Txusma Perez Azaceta mendizale adituak eta horri esker eskura dauzkagu euskal mendietan barrena zerumuga berriak erakutsiko dizkiguten ibilbide bakartiak.

Erronka makala, gero. Eta gauzatu da. Liburuak 60 igoera dakartza, Euskal Herrian barrena 134 mendi tontorrera igotzeko. Horietako batzuk izen handiko gailurren itzalean daude, ikusezin; beste asko, ostera, bistiari gutxi hartzen duten lurraldeetan daude. Edozelan ere, guztiek bat egiten dute ondoko ezaugarri hauetan: gailur desberdinak dira, bakartiak baina interes handikoak. Zain ditugu gutxi ibilitako bideak, oihan isilak eta urruneko tontorrak. Haien bidez asetuko ditugu esperientzia berrien egarria.

Bilduma honetan ohi den bezala, igoera bakoitzak aldean dakartza ibibidearen deskribapen zehatza, argazkiak, mapa eta jakingarri guztiak biltzen dituen fitxa teknikoa. Txango zerrendari erreparatuz gero, 12na dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, 8 Ipar Euskal Herriak eta 16 Nafarroak. Horri esker, Karrantzan (Bizkaia) edo Gaubea ibarrean (Araba) hasi eta Larraine (Zuberoa) edo Orbaibar (Nafarroa) alderaino zabaltzen da igoera aukera.

Txusma Perez Azaceta Sua Edizioak-eko kidea izateaz gain, mendizale aditua dugu. Horren erakusle da argitaratu duen liburu zerrenda luzea. Adibidez, “57 rutas senderistas por Euskal Herria” (2015) edo “Los mejores recorridos para conocer la montaña vasca” (2012). Liburuaren aitzinsolasa beste mendizale ezagun batek idatzi du, Club Vasco de Campingeko presidente Jesús María Alquézarrek hain zuzen.

This slideshow requires JavaScript.