Harrera beroa egin diote mendizaleek Euskal Herria Liburuak bildumako liburu berrienari, Las otras cumbres izenekoari alegia. Eta harrera beroa baieztatzeko nahikoa da ikustea hedabideetan lortu duen oihartzuna eta liburudendetan piztu duen jakin-mina. Elkarrek asteon atera duen liburu salduenen zerrendan hirugarren lekuan ageri da gaztelaniazko ez-fizkioa sailean.
Liburua Txusma Perez Azaceta mendizaleak idatzi du. Orotara 134 mendi tontor bildu ditu, mendizale gehienek urratzen dituzten bideetatik aparte gelditu ohi direnak. Bakartiak izan arren, ez dira ezdeusak: badaukate interesik, hala ondare naturala nola paisaia ikusgarriak, historia joria edo kultur arloko ale estimagarriak.
Esaten dugunaren erakusgarri, “Las otras cumbres” liburuak dakartzan 60 igoeren zerrenda jarri dugu lerroon azpian. Sakatu irudiaren gainean txangoen aurkibidea handitzeko. Xehetasun handiz deskribatuta eta argazki zein mapez egoki hornituta aurkeztu ditu. Euskal Herri osoan barrena ibiltzeko aukera ematen digute, mota guztietako txango, paisaia eta gailurrak ikusteko eta gozatzeko. Ondo ibili!