Gure herria alderdi guztietatik begiratuta agertzeko eta, bereziki, gutxien ezagutzen ditugun ondare atalak agerian jartzeko borondateari eusten, Euskal Herria Liburuak bildumako maiatzeko aleak txango eta mendi-igoera sorta berritzailea dakar aldean. Liburua “Rutas por calzadas y caminos históricos” da, Santi Yaniz adituak eginda, eta oraindik ere, zatika izan arren, badiren bide zahar eta galtzadak jarri ditu protagonista.
Liburuan 28 galtzada bildu ditu egileak Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Araban. Erromatar arokoak batzuk, Erdi Arokoak besteak, Aro Modernokoak berrienak. Horietan barrena 30etik gora ibilbide proposatu ditu Yanizek, kasu batzuetan galtzada beraren zati desberdinak ezagutu ahal izateko.
Horrela, behialako bideetatik igoko ditugu mendiak, harlauza higatuak zapalduz zeharkatuko ditugu haitzarteak eta zabaletatik tipi-tapa ibiliko gara. Edertasun handiko eta kultur balio ikaragarriko parajetan barrena eramango gaituzte eta, batez ere, Euskal Herriko leku “berriak” ezagutuko ditugu edo, lehenago egonda bagaude, beste begi batzuekin ikusiko ditugu.
Santi Yaniz Euskal Herria goitik behera ibilita dago eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu hango eta hemengo bazterrak. Argazkilaria eta kazetaria, zazpi liburu argitaratu du Suarekin, tartean Euskal Herria Liburuak bildumako batzuk. Denei harrera beroa egin diete mendizaleek. “Rutas por calzadas” honetan bidarri zahar horiek banan-bana deskribatu ditu eta, jarraian, ibilbidea proposatu. Txango bakoitzak aldean dakartza fitxa teknikoa, mapa eta, jakina, Yanizen argazki zoragarriak. Euskal Herria Liburuak bilduman lehenengoz, dronetatik ateratako argazki zenitalak ageri dira liburu honetan.