Liburudendetan da, dagoeneko, “Las otras cumbres de la montaña vasca”, Euskal Herria Liburuak bildumako ale berria. Jakinmin handia piztu du plazaratu aurretik ere, erronka gaitza jarri zuelako helburu: interes handiko eta bisitari gutxiko 134 gailurretarako igoerak biltzea. Halaxe egin du Txusma Perez Azaceta mendizale adituak eta horri esker eskura dauzkagu euskal mendietan barrena zerumuga berriak erakutsiko dizkiguten ibilbide bakartiak.
Erronka makala, gero. Eta gauzatu da. Liburuak 60 igoera dakartza, Euskal Herrian barrena 134 mendi tontorrera igotzeko. Horietako batzuk izen handiko gailurren itzalean daude, ikusezin; beste asko, ostera, bistiari gutxi hartzen duten lurraldeetan daude. Edozelan ere, guztiek bat egiten dute ondoko ezaugarri hauetan: gailur desberdinak dira, bakartiak baina interes handikoak. Zain ditugu gutxi ibilitako bideak, oihan isilak eta urruneko tontorrak. Haien bidez asetuko ditugu esperientzia berrien egarria.
Bilduma honetan ohi den bezala, igoera bakoitzak aldean dakartza ibibidearen deskribapen zehatza, argazkiak, mapa eta jakingarri guztiak biltzen dituen fitxa teknikoa. Txango zerrendari erreparatuz gero, 12na dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, 8 Ipar Euskal Herriak eta 16 Nafarroak. Horri esker, Karrantzan (Bizkaia) edo Gaubea ibarrean (Araba) hasi eta Larraine (Zuberoa) edo Orbaibar (Nafarroa) alderaino zabaltzen da igoera aukera.
Txusma Perez Azaceta Sua Edizioak-eko kidea izateaz gain, mendizale aditua dugu. Horren erakusle da argitaratu duen liburu zerrenda luzea. Adibidez, “57 rutas senderistas por Euskal Herria” (2015) edo “Los mejores recorridos para conocer la montaña vasca” (2012). Liburuaren aitzinsolasa beste mendizale ezagun batek idatzi du, Club Vasco de Campingeko presidente Jesús María Alquézarrek hain zuzen.