Kondaira zaharren ibilbideak

Gure geografia kondaira zaharrez josita ageri da. Batzuk baso ospel, mendi lerden, harkaitz segail edo leize sakonei atxikita daude. Beste batzuk, berriz, gaztelu, etxe, baseliza edo megalitoei lotu zaizkie. Kondaira zaharren ibilbideak liburu berriak 26 ibilbide proposatzen dizkigu Euskal Herriko elezaharren oinatzen atzetik. Gure paisaia ederrenetako batzuetan zehar ibiliko gara, zazpi herrialdeetan barrena, antzinako sineskerak gidari.

Mitoak behialakoak izan daitezke, baina baita ez hain zaharrak ere. Horregatik liburu honetan denetarik aurkituko dugu: Mari jainkosa, jentilak, sorginak, lamiak, Erdi Aroko pasadizoak, XIX. mendeko Altzoko Handia… Horien atzetik ibilian-ibilian Euskal Herriko paraje ederrak bertatik bertara ezagutu ez ezik, gure sineskera zaharren unibertsoan ere murgilduko gara.

Liburuko proposamen guztietan, lehenengo, antzinako kontakizunaren berri ematen da eta, jarraian, egin beharreko ibilbidea deskribatzen da, ohi bezala, argazki, jakingarri praktiko eta mapa baten laguntzaz.

Josean Gil-Garcia Argotek osatu du liburua, hala testuak nola argazkiak. Eskarmentu handiko mendizalea izateaz gain, Euskal Herriko historia eta antzinako kondairak ondo ezagutzen ditu. Nahi duenak liburua zertan den jakin, lerroon azpian lagin bat utzi dugu eskuragarri. Ondo ibili!

“Parque natural de Valderejo y Valdegovía”, harribitxian ibiltzeko gida

Valderejoko parke naturala Arabako mendebaldeko muturrean dago, Burgosko ibarretan aihotz baten moduan barneratzen den lurraldean. Babestutako eremua 3.418,5 hektarea zabal da eta auzoan dauka, Burgos aldean, Montes Obarenes-San Zadornil parke naturala. Liburu honek, Parque natural de Valderejo y Valdegovía, Valderejoko parke naturalean barrena eramango gaitu, Purón ibaiak zizelkatutako haitzarte ospetsutik, oihan jorietatik eta tontor ikusgarrietatik nahieran ibil gaitezen. Eta, bide batez, alboko Gaubea [Valdegovía] ibarretako altxor harrigarriak ere (natura, artea, historia…) erakutsiko dizkigu.

Ura da nagusi Valderejoko parke naturalean. Purón ibaiak eta hari lotutako erreka sareak bazter ikusgarriak zizelkatu dituzte milurtez milurte. Horri lotu behar zaio trantsizio eremuan gaudela, atlantikotik eta mediterraneotik datozen eraginak nahasten direla, alegia. Horri esker, pagadi ederrak, pinudiak, artadiak, goialdeetako larreak, labore-sailak, ibaiertzeko basoak eta beste hamaika paisaia agertuko dira gure begien aurren oso kilometro gutxiko tarteetan.

Mar Ramirez kazetari eta mendi-gidariak hamasei ibilbide proposatu dizkigu Valderejoko parke naturalean barrena, baita alboko Montes Obarenes-San Zadornil parke naturaletik (Burgos) eta Gaubea ibarretik ere. Gaubean eremiten haitzuloak, gazteluak, erromatarren aurreko herriak eta mendizale gutxi dabilen tontorrak ditugu zain. Liburuko argazkiak Juan Carlos Muñoz trebeari zor zaizkio. Tartean dira inguru horretako faunaren irudi ikusgarriak.

Euskal Herriak hormako egutegia dakar 2026rako

Euskal Herria liburuak bildumak nobedadea dakar: 2026. urteko hormako egutegia kaleratu du. Egutegiak gure geografiako paisaiak ditu protagonista. Honez gero, liburu-dendetan dago salgai. Harpidedunek etxean jasoko dute, doan.

Egutegiak 33×24 cmko zabalera dauka eta azala urdina da. Barrualdean Euskal Herri osoko argazkiak dira protagonista, hilabeteko hiru, bat handia eta, txikiago, bi gehiago. Hori bai, denak kalitate handiko irudiak dira. Besteak beste, Urbasako pagadiak, Akatz uhartea, Aramaio ibarra, Zumaiako itsaslabarrak edo Donibane Garazi ageri dira. Euskal Herrian barrena ibiliko gara gure etxetik irten gabe.

Egutegia euskara hutsez dator, hala hilabeteen izenak nola argazki-oinak. Bere prezioa, 9 euro.

Datorren urteari begira, Sua Edizioak argitaletxeak hiru egutegi dakartza: Euskal Herria, El Mundo de los Pirineos (antzeko formatua baina Pirinioetako argazkiekin eta sei hizkuntzetan) eta mahaiko egutegia (abenduan plazaratuko da).