Iparraldeko herri xarmagarrien zerrenda

Oraintsu argitaratu da Pueblos con encanto de Iparralde liburua. Bertan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hogeita lau herri eder ageri dira. Baina zeintzuk dira?

Egia esateko, eginkizun gaitza da Ipar Euskal Herriko hogeita lau herri eder aukeratzera, hautagaiak askotaz gehiago izan litezke eta. Liburu honetan egileek, Mar Ramirez bidaia- eta natura-adituak eta Juan Carlos Muñoz itzal handiko argazkilariak, orekaren aldeko apustua egin dute, itsasertzaren eta barnealdearen artean erabakitzeko orduan, herri handiago eta ttipiagoen artean, menditarren eta ordekakoen artean.

Emaitza zinez ikusgarria da eta, zalantzarik gabe, liluratuko gaitu. Dastatu nahi duenak lerroon azpian dauzka aurkibidea (aukeratutako herrien zerrendarekin) eta liburuko orrialde batzuk. Ondo ibili!

Gainbegiratua “Parque natural de Urkiola” liburu ederrari

Azal eder horren atzean liburu mamitsu eta liluragarria dago. Horixe baita Parque natural de Urkiola, gure interesa piztu eta natura-eremu zoragarri horretara eramango gaituen gida bikaina. Zalantzarik gabe, Alberto Murok liburu itzela osatu du. Zazpi proposamen bildu ditu: Anbotorako igoerak, zeharkaldiak, umeekin egiteko moduko planak, Mugarra, Saibi, Oriol, Tellamendi, Alluitz edo Untzillatx mendiak, pagadiak, artzain-sarobeak, haitzuloak eta ibaiak… Dena idatziz ederto deskribatuta eta argazkietan zoragarri jasota. Horrela datorkigu Urkiolako parke naturala. Hemen, lerro honen azpiko estekan, aukeraketa txiki bat laga dugu, erakusgarri: aurkibidea, sarrera eta pasarte pare bat. Ondo ibili!

“Excursiones por riberas de ríos”, ibaiertzetik ibiltzearen plazera

Uraren gargarak gidatzen ditu gure urratsak. Haltzen eta makalen itzalpean gabiltza ibaiertzetik. Hemen, ur-lasterrak; han, berriz, osina; bien artean, beharbada, urbitartea, edo agian presa bat. Hurrengo meandroak zer erakutsiko goaz bidean aurrera. Segurutik, laster aurkituko dugu atsedena hartzeko moduko leku egoki-egokia, non paisaiaz gozatuko garen, txorien txilioak eta ur-jarioaren berbaroa entzuten ditugun bitartean. Horrelako planak proposatzen ditu Excursiones por riberas de ríos, liburuak. Bertan Javi Pascual Otalorak ibai ondotik egiteko hogeita hiru ibilbide zoragarri bildu ditu.

Euskal Herria goitik behera ibiltzeko planak dira. Bosna Araban (Nerbioi, Ebro, Purón, Ihuda et Ega ibaiak), Bizkaian (Goiolako, Barbadun, Butroe, Lea eta Urkiolaerreka), Gipuzkoan (Altxerri, Deba, Arantzazu, Epele eta Leitzaran) eta Nafarroan (Urbeltza, Arga, Larraun, Aragón eta Irantzu) eta hiru Ipar Euskal Herrian (Biduze, Errobi eta Arhan-Aturri). Beheko irudian ibilbide guztiak ageri dira, hala zerrendan nola mapan kokatuta.

Era guztietarako txangoak dira, izan mendi-erreka apalen eskutik, izan Euskal Herriko ibai handienen ertzetik. Bidean baso ezinederragoak aurkituko ditugu, burdinola biziberrituak, gaztelu harrigarriak, errotak, Erdi Aroko zubiak, haitzarteak, ur-jauziak, padurak, zirga-bideak, erreka oldarkorrak eta ibai itxuraz otzanak… Ideia itzelak Euskal Herria goitik behera ibiltzeko ibai ederrenen altzotik. Liburua nolakoa den jakin nahi duzuenentzat, beheko estekan aurkibidea eta liburuko erakusgarri txiki bat utzi dugu. Ondo ibili!