Ekialdeko Pirinioetako lakuak, urak zeruetatik dingilizka

portadaLAGOS.inddMendira igotzeak ahalegina eskatzen du beti, baina hamaika ordain gozo ematen du trukean: bidea, lagun artea eta, gehienetan, esker oneko gailurra. Askotan ikuspegiak izaten dira tontorrak gorde duen saria, baina batzuetan sorgindutako parajeak aurkituko ditugu. Esate baterako, ur ilunetako lakuak haitz harroen artean barreiaturik, zipriztinak balira bezala, inguruan, zelatari, izei bakanak dituztela.

Horietakoak anitz daude Kataluniako Pirinioetan. Goi mendi eremu batzuetan harrigarria da aintzira kopurua. Sua Edizioak argitaletxeak ‘Las mejores ascensiones a los lagos más bellos del Pirineo Oriental’ kaleratu berri du. Yvette Delgado Pererak idatzi du. Hogeita bat ibilbide marraztu ditu goi mendietako 70 laku sorgindu mirestera joateko.

Aukera polita da Katalunia bisitatzeko eta bertako mendi lakurik ederrenak bertatik bertara ikusteko. Horietako batzuek andanaka hartzen dituzte bisitariak, hain dira ezagunak. Beste batzuk, ostera, bakartiak dira, baina lehenengoak bezain liluragarriak.

Lehenengo edizioa agortuta, laster da liburudendetan euskal mendien gidaliburua

Sua Edizioak argitaletxeak berriz argitaratu du ‘Los mejores recorridos para conocer la montaña vasca’ liburua. Lankide dugun Jesus M. Perez Azacetaren lan hori agortuta zegoen. 2012ko Durangoko Azokan aurkeztu zuen eta denbora gutxian klasiko bilakatu da gailurrak zailtasunaren arabera aukeratu eta sailkatu zituelako eta mendian ibiltzeko oinarrizko eskuliburua erantsi ziolako.

Liburua bost ataletan dago banatuta. Lehenengoan, txangorik errazenak, edonork egiteko modukoak. Bosgarrenean, ostera, igoerarik gaitzenak. Eta tartean, mailaz igo ahala zailtasunak ere areagotzen dituzten irteerak. Maila bakoitzean Euskal Herri osoko proposamenak aukeratu zituen Perez Azacetak, hasi Baltzolako haitzuloan (1. maila) eta amaitu Ezkaurren edo Hiru Erregeen Mahaian (5. maila). Tartekoetan, Uzturre, Itzaga edo San Tirtso haitzak daude, besteak beste.

Denetara 60 txango dira. Horiekin batera, tartekaturik, mendian ibiltzeko oinarrizko eskuliburuko aholkuak eta mendizaleek sarritan erabiltzen dituzten berba teknikoen hiztegi laburra dakartza.

MONTAÑA VASCA