“Montes de Gipuzkoa”, herrialdeko 155 gailur liburu batean

00-GM GIPUZKOA

Urteko gertakizun nabarmenetakoa izan da, duda barik, mendi liburuen atalean: “Montes de Gipuzkoa” gidaliburua berriro kaleratu du Sua Edizioak-ek, gaur egunean jarrita eta goitik behera errebisatuta. Seigarren edizioa da eta merezi zuen merezi liburu honek biziberritzea, hamarkada bitan Gipuzkoako mendizaleentzat ezinbesteko iparrorratza izan baita. Gainera, dozena bat urte igaro da aurreko edizioa kaleratu zenetik.

Jatorrizko liburua Iñaki Alcalde Olivaresi eta Txusma Perez Azacetari zor zaie. Oraingoan, azken hori mendi guztietara igo da berriro, ibilbideak gaur egun zertan diren bertatik bertara jakiteko eta igoera bide berri gutxi batzuk eransteko. Edizio berriak 95 igoera eta 155 gailur bildu ditu. Tartean dira Euskal Herriko Mendi Katalogoko Gipuzkoako tontor guztiak.

Lerroon azpiko estekan pdfa utzi dugu. Bertan aurkituko dituzue liburuko aurkibidea, non igoera guztiak banan-bana ageri diren, eta, opari, Leitzaran aldeko hiru igoera. Ondo ibili!

GM_GIPUZKOA_sareak2

 

 

 

“Cumbres anejas”, auzoko gailur eder horiek

“Cumbres anejas” liburua heldu berri da. Eta bazegoen premia, Euskal Herriaren ondoko eskualdeetako tontor eder eta nagusien berri ematen duelako. Auzoko lagunak dira, beraz, etxe ondoko gailur kitzikagarriak. Paisaiak ez daki muga administratiboa zer den eta horrela ikusi dute mendi taldeek, inguruko herrialdeetako gailur horietara, federazioaren katalogoan aldameneko eskualdeetan sailkatuta ageri diren tontorretara alegia, sarritan joan izan dira eta.

Orotara, liburuak 57 mendi dakartza, Burgos, Errioxa, Kantabria, Soria, Bearno eta Huescakoak. Egileak mendikat webgune ezaguneko Javi Urrutia eta Rafa Bartolomé dira, biak ala biak eskarmentu handiko mendizaleak. Beheko estekan liburuko aurkibidea eta mendi horietako biren igoerak jarri ditugu, liburua dastatzen hasi nahi duenaren esku. Ondo ibili!

“53 rutas por senderos PR de Bizkaia”, herrialdeko altxor naturalak ezagutzeko gida

PRs BIZKAIA(azala)

Bizkaiko PR (ibilbide laburrak) ibilbide homologatu guztien gidaliburua da “52 rutas por senderos PR de Bizkaia”. Orotara, goiz pasa edo egun osoan egiteko moduko 53 txango dira. Bizkaiko ondare naturala eta paisaiaren aniztasuna ezagutzeko gonbit paregabea da. Izan ere, herrialdeko barruti natural ezaugarrietara eramaten bagaitu ere (Urdaibaiko biosfera erreserba eta Gorbeia, Urkiola eta Armañongo parke naturalak alegia), bestelako eremuetan ere murgiltzen da, ez hain ezagunak baina, seguru, ezagunenak bezain ederrak.

Liburuko 230 orrialdeetan eskualdeka antolatutako 53 ibilbide daude. Txango bakoitzaren deskribapen zehatzari argazkiak, jakingarriak eta mapa bana erantsi zaizkio. Egilea Ricardo Hernani mendizale aditua da, Bizkaiko Mendi Federazioko lehendakariordea. Mendizaleentzako ehundik gora artikulu idatzita dago. Sua Edizioak-ekin liburu bi argitaratu ditu, orain aurkezten dugunaz gain: “Las montañas más bellas de Cantabria” (2018) eta “Valdegovía-Gaubea, 46 pequeños, medianos y largos recorridos” (2011).

Liburu honetako ezaugarri nagusia aniztasuna da. Gustu guztiak ase uzteko moduko ibilbide sorta dakar: itsas ondoko lapatzak, zingirak eta talaiak, bertoko basoak, ibaiak eta ur-jauziak, ermitak eta baserriak, zubi eta galtzada zaharrak eta, jakina, tontor lerdenak. Askotan, paraje bakartiak izango dira; beti, ederrak.

Lerroon azpian, estekan, liburuaren aukeraketa txiki bat utzi dizuegu. Eta beherago, Ricardo Hernanik berak egindako aurkezpen laburra. Ondo ibili!

PagsPRs