Urteko gertakizun nabarmenetakoa izan da, duda barik, mendi liburuen atalean: “Montes de Gipuzkoa” gidaliburua berriro kaleratu du Sua Edizioak-ek, gaur egunean jarrita eta goitik behera errebisatuta. Seigarren edizioa da eta merezi zuen merezi liburu honek biziberritzea, hamarkada bitan Gipuzkoako mendizaleentzat ezinbesteko iparrorratza izan baita. Gainera, dozena bat urte igaro da aurreko edizioa kaleratu zenetik.
Jatorrizko liburua Iñaki Alcalde Olivaresi eta Txusma Perez Azacetari zor zaie. Oraingoan, azken hori mendi guztietara igo da berriro, ibilbideak gaur egun zertan diren bertatik bertara jakiteko eta igoera bide berri gutxi batzuk eransteko. Edizio berriak 95 igoera eta 155 gailur bildu ditu. Tartean dira Euskal Herriko Mendi Katalogoko Gipuzkoako tontor guztiak.
Lerroon azpiko estekan pdfa utzi dugu. Bertan aurkituko dituzue liburuko aurkibidea, non igoera guztiak banan-bana ageri diren, eta, opari, Leitzaran aldeko hiru igoera. Ondo ibili!